"Abuztuan jada sei urte joango dira musikari eta kultur eragile talde batek, gure herriaren deskohesioaz kezkaturik, Iruñean ideia hauxe plazaratu genuenetik: Zazpiak Bat osoaren imajinario kolektiboa sendotzea, ereserki baten bidez. Gure iragana, oraina eta etorkizuna baturik. Historian oinarrituz, Gernikako Arbola da ereserki hori, gure irudiko. Hautu hori berresten dute lurralde eta joera politiko guztiek, erreferentzia bibliografikoek eta diskografikoek, entziklopediak eta nazioarteko ospeak. Hala ere, esan genuen bezala, prest geunden beste alternatiba serio batzuk babesteko, baldin eta atxikimendu gehiago bazituzten ereserki historiko honek jasotzen zituenak baino.
Ez dugu dudan jartzen gure herriaren egungo banaketa administratiboan finkaturik dagoena: EAEko edo Nafarroako ereserkiak berdin erabili ahal izango lirateke, zein bere eremuan, baita Euskal Herrian erabiltzen diren beste ereserki erritual batzuk ere: Agur jaunak, Eusko gudariak, Txoriak txori, Txikia, Zutik emakumeak... Zeinek bere tokia, baina oraindik faltan ematen da ofizialki elkartuko gaituen ereserki bat: ekitaldi handietan, lurraldeen arteko topaketetan, gure une solemne eta aldarrikatzaileenetan.
Sei urte joan dira. Herri ekimenak borondateak elkartu ditu, eta alderdi batzuetatik isiltasun erosoak ere etorri zaizkigu bueltan. Aldiz, ahots bakar bat ere ez da kontra agertu, eta milaka atxikimendu bildu ditugu zenbait adierazpen nazionaletan: lirikak goiz erantzun zuen lehenik, eta ehunka musikarik, orfeoi-zuzendarietatik hasi eta punk izarretaraino, babestu zuten Iparragirreren betiereko zortzikoa. Gero etorri zen Euskal Herriko historialarien selekzioa, joera ideologiko orotakoa; idazleek eta editoreek jarraitu zuten, Unamuno, Baroja, Kanpion, Arlt, Steer, Marta Gelhorn eta beste hainbat autorek utzitako lorratzean. Ezker Abertzaleko historikoek bat egin zuten, Krutwig, Monzon eta Txabi Etxebarrietak bere garaian egin bezala. EAJko Hermes aldizkaritik, jarraitzaile talde handi bat alde agertu zen, inork kontra egin gabe.
Jesus Egiguren prentsara atera zen gogora ekartzera euskal sozialismoak DNAn daramala Iparragirreren ereserkia. Nahikoa da irakurtzea Zugazagoitia eta Meabe, edo Gallartako meatzarien oihartzunak entzutea, Dolores Ibarrurirekin. Halaber, Ipar Euskal Herritik egin zen adierazpenean, atxikimenduaren buru aipatu behar ditugu Jean-Louis Davant eta Antxon Lafont. Diasporan, berriz, atxikimenduak Patagoniatik Renoraino zabaldu ziren.
Sei urte hauetan, ehunka erreferentzia historiko berri ezagutu ditugu: ez ziren bi izan, sei baizik, Gamazadan Donostian Gernikako Arbola abesteagatik Guardia Zibilak hil zituen herritarrak, tartean emakume bat, Bernardina Garcia. Foru aldarrikapen ororen kantua izan da; harrera ofizialetako kalejira; Lore Jokoen preludio ofiziala; Eusko Ikaskuntzaren obertura (EI, egun, hain afonikoa); II. Errepublikaren laguna; erbeste guztien ereserkia; munduko pilota kantxen eta lehen futbol selekzioaren kantu historikoa. Frankismoa ausartu ere ez zen egin hura pertsegitzen, salbu eta haren doinuak lehendabiziko Aberri Egunean aireratu zirenean. Sabino Aranak ereserki "nazionaltzat" zuen; karlistek "foraltzat"; ezkertiarrek "anaitasun internazionalistakotzat"; anarkistek "libertariotzat"; frankistek "tradizional espainiartzat"; frantsesek chant patriotique kontsideratu zuten, eta hasierako ETAk "abertzalea". Guztiek Baskoniaren ereserkitzat jotzen zuten, Aturritik Ebroraino. Izan ere, Erriberan ere ez dago herririk bere historiako erregistroan gorde ez duenik.
Sei urte hauek, herrialde osoarekin hitz egin ondoren, gure tesia berretsi dute: Gernikako Arbolak ez du parekorik. Egin zaizkigun proposamenek elkar baztertzen dute. Izen handiko jelkideren batek esan zigun Gora ta gora Nafarroan ere abestu behar dela, eta nabarristaren batek, Nafarroako Gorteen ereserkia Bilbon kantatu behar dela: elkar hutsaltzen duten aukeren arteko berdinketa, 45 urte hauek frogatu duten bezala. Bitartean, argien dutenak, Ipar Euskal Herrikoak, zain daude. Beste jelkide batek ongi esan zuen bezala: lurralde bakoitzak bere ereserkia, eta Gernikakoa guztion aterpe.
Batzuek diotenez, "kutsu erlijiosoa du", jakin ere ez baitakite Gernikako Arbola justu olde iraultzaile baten barruan sortu zela: mundu osoan gurutzeak Askatasun zuhaitzekin ordezkatu zituena. Nazioarteko Brigadek esperantora itzuli zuten. Euskal anarkismoaren erreferenteak, Chiapusok, aitortu zuen, mundu osoko ereserkiek ez bezala, "ez dio[la] gerrari kantatzen, ez dio gurutzeari kantatzen, ez du indarkeria bultzatzen", baizik eta "munduko askatasuna eta anaitasuna".
Beste batzuek diotenez, "gazteek ez dute kantatzen", eta egia da. 1979an debekatu zuten azkenekoz, San Mamesen, Irlandaren aurkako partidan. Jarraik eskuliburuetan jartzeari utzi zionetik, Burgosko prozesuak Eusko gudariak zabaldu zuenetik, eta, batez ere, Trantsizioak erakundeak, banderak eta ereserkiak bereiztea inposatu zigunetik, euskal gazteriak kantatzeari utzi zion... Orduan, Rotten XIII, Erramun Martikorena eta etorriko diren beste batzuen kontzertu jendetsuetan entzuten hasi zen. Jaioko dira berriak.
Batzuek marmarrean diotenez, "antzinako" kutsua du", eta "egungo" problematikak jasotzen dituen ereserkia behar omen dugu. Hori diotenei gogorarazi behar zaie ereserki bat ez dela ideien lehiaketa batean inprobisatzen, prozesu historiko baten barruan baizik; eta, zorionez, Euskal Herrian dena ei dela zaharra eta, horregatik, bizirik jarraitzen dugula; eta Gernikako Arbola euskal sinbolo moderno eta eguneratua dela, gerraren eta mehatxu totalitarioaren kontrakoa, bakearen, internazionalismoaren eta antifaxismoaren munduko ikonoa. Ez, munduan ez dago antzeko ereserkirik. Harribitxi itzela dugu, transbertsala, epikaz jantzia, gizatasunez, historiaz eta etorkizunez betea... Bitartean, klase politikoaren zati bat beste alde batera begira.
Orain 145 urte hil zen Iparragirre. Bada, datorren apirilaren 18an, Urkiolan, bazter guztietako euskaldunak, euskal herritarrak, bildu nahi ditugu. Elkarrekin abestuko dugu, eta eman beharreko pausoak erabaki. Munduko nazio gehienek baino lehenago, Euskal Herriak, Baskoniak, ereserki nazional bikaina aukeratu zuen. Eta ez, ez gaude elementu unitarioz gainezka hori oharkabean pasatzen uzteko."