Gerrako 530 haur identifikatu dituzte Durangaldean oraingoz, eta herritarren laguntza eskatu dute

Anboto 2026ko martxoaren 26a

Argazkia: Txelu Angoitia (Gerediaga Elkartea)

Atzo Durangaldeko gerrako haurren gaineko ikerketa aurkeztu zuten.

Gerrako haur deserriratuen memoria jasotzeko asmoz, Durangaldean ikerketa abiatu dute Gerediaga elkarteak, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta eskualdeko talde memorialistek. Atzo egin zuten jendaurreko aurkezpena, Kurutzesantu museoan, Martxoaren 31ari begirako ekitaldi sortaren barruan. Bertan, lehen datuak eman eta aurrera begirako ildoak azaldu zituzten. “Ikerketa hau garatuta, gerrako umeen memoriaren aitortza egin nahi dugu, haiek erbestean bizi izan zutena jasotzea ezinbestekoa delako gerra eta gerraostea ulertzeko”, azaldu zuen Goiatz Pelaez Gerediaga elkarteko kideak.

Aurkezpenean datu esanguratsu bat azaleratu zuten: 530 haurrek baino gehiagok Durangaldetik atzerrira ihes egin behar izan zutela 1936ko gerraren eraginez. Ildo horretatik, zerrendak osatzen jarraitzeko, herritarren laguntza eskatu dute antolatzaileek. Herriz herriko zerrendak 'gerediaga.eus' webgunean begiratu daiteke. 

Zerrendetan senideren bat falta dela uste badute herritarrek, edo bestelako informaziorik eskaini nahi badute, ekarpenak egiteko bi bide ireki dituzte: info@gerediaga.eus helbide elektronikoa eta 688 631 081 telefono zenbakia (astelehenetik ostegunera, 15:00-18:00 artean). 

Ikerketa prozesu sakon eta zabala
Gerrako haurren gaia lantzen lan handia egin du azken urteetan Intxorta 1937 elkarteak. Gipuzkoan 10.000tik gora haurren zerrenda osatu du. Ikerketa Durangaldean hedatzeko nahia erakutsi, eta Gerediaga elkarteak koordinatzeko ardura hartu zuen. Gero, talde herrietako memorialistak batu ziren: Andikona 1936 (Otxandio), Berrizko memoria eta giza eskubideen taldea, Castet (Zaldibar), Durango 1936 eta Laumunarrieta (Elorrio). Horiez gainera, Birminghameko Unibertsitateko Memory as Transgenerational Care ikerketa taldea parte hartzen ari da prozesuan, eta gerrako gaietan aditua den Jimi Jiménez historialaria ere badabil ikerlanean, Gerediaga Elkarteak bere webgunean zehaztu duenez.

Intxorta 1937 elkarteak oinarrizko zerrenda bat osatu zuen lehenik, eta azken hilabeteetan lan hori osatzen ibili dira gainerako elkarteetako kideak, artxiboak eta erroldak arakatzen, adibidez. Gainera, herriz herri norbanako batzuen laguntza ere jaso dute.

DATU ESANGURATSU BATZUK

Euskal Herrian eta Espainiar estatu barruan emandako migrazioen kopurua hain handia izanik, ikerketa estatutik kanpo joandako 16 urtez azpiko umeengan zentratu dute. Hauek dira datu esanguratsu batzuk:

Haurrak guztira: 529 

Generoa: Emakumeak %49,62 /  Gizonak %50,38

Herrika:

  • Durango (eta Iurreta): 318
  • Iurreta: 5
  • Abadiño: 19
  • Amorebieta-Etxano: 46
  • Atxondo: 1
  • Berriz: 20
  • Elorrio: 37
  • Ermua: 16
  • Garai: 1
  • Izurtza: 12
  • Mañaria: 4
  • Otxandio: 35
  • Zaldibar: 15

*Iurreta Durangorekin anexionatuta zegoen garai hartan. Beraz, Durangoko zerrendan baliteke zenbait iurretar egotea. Momentuz, horietako bost iurretar bezala identifikatzea lortu dute ikerlariek. Bestalde, ez dute Mallabiko izenik topatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!