Euskal Karabana Solidarioa Tindufera bidean dago. Joan zen zapatuan abiatu zen, Donostiako Zurriola hondartzatik Alacanteko porturantz. Handik beste bidaia bat hasiko du errefuxiatuen kanpamenduetara heldu arte.
Euskal Herrian batu diren 110 tona elikagai eta materiali esker dimentsio handiko lau trailer, bi kamioi eta minibus bat bete ahal izan dituzte. Horietatik 24 tona Durangaldean batu dira. Eskualdean batutakoagaz elikagaien 24 palet, bizikleten eta haur-oihalen hiruna palet eta konpresen bi palet bete dira, Rio de Oro elkarteak eta Sahararen Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak ohar batean zehaztu dutenez.
Elkarte biek eskerrak eman dizkiete euren ekarpena egin duten guztiei. "Gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu bai herritarrei bai Durangaldeko udalei, Saharako herriarekiko erakutsitako inplikazioagatik eta elkartasunagatik. Era berean, gure esker ona helarazi nahi diegu erakunde, elkarte eta laguntzaile guztiei, beste urte batez proiektu hau posible egin dutelako, eta baita Euskadiko ordezkaritza sahararrari ere, egindako koordinazio lanagatik", adierazi dute.
Azkenik, Tindufeko kanpamenduetan dauden errefuxiatuek bizi duten "miseria" gogoratu dute. "Kanpamenduetako egoera larria da fenomeno klimatologikoen ondorioz, hala nola 2024ko iraileko uholdeak edo tenperaturen igoera. Duela gutxi kanpamenduak bisitatu dituzten kooperanteek, Frente Polisarioko kideek nahiz gure senide sahararren azken testigantzek elikadura-krisia gogortu egin dela azpimarratu dute".
