24. Korrika

"Familia giroa dugu; urte birik behin baino ikusten ez duzuna zugaz bizi izan dela sentitzen duzu"

Anboto 2026ko martxoaren 24a

Joseba Irazabal eta Joana Txarterina, Korrikako furgonetaren aurrean.

Joseba Irazabal Barrenetxeak (Otxandio, 1961) 15. Korrika du aurtengoa furgoneta taldean. Azken hamabi urteak taldeko kapitain eman ditu. Aurten arduradun eta furgoneta taldeko kide izateari utziko dio. Joana Txarterina Goikuriak (Zornotza, 1981) hartuko du bere testigua arduradun legez. Txarterinak hirugarren Korrika du aurtengoa. 

Joseba, zergaitik utzi diozu furgonetako lantaldeko kide izateari?
Joseba Irabazal: Noizbait utzi behar nion tokia belaunaldi berriari. Asko kostatu zait erabakia hartzea. Nire lehenengo Korrika, hamargarren aldia, Bilbon amaitu zen. Aurten ere Bilbon amaituko da eta zikloa ixteko modu aproposa zen. Iaz hartu nuen erabakia eta Aneri [Elordi, Korrikako arduraduna] jakinarazi nion. Norbaiti esan ezik ez nuela utziko sentitzen nuen. Aurreko Korrikan berdina gertatu zitzaidan, 23. Korrikak azkena behar zuen, eta hemen nago! 

Zelan egingo diozu aurre urte birik behin Korrikan ez egoteari?
J.I.: Korrika bera uzteko asmorik ez daukat. Ekipatutako furgoneta bat erosteko plana daukat, eta Korrika dagoenean han ibiltzea. Neure kabuz ibiliko naiz: tarte batzuetan korrika, besteetan furgonetan… Esan diet taldekideei "jubilatuko naiz, bai, baina hurrengo Korrikan zuen atzetik ibiliko naiz nire furgonetan, zuen lana kritikatzen!" (barreak). Serio esanda, behar banaute laguntzeko prest izango naute, baina ez naute beharko, oso lantalde ona dago eta. 

Joana, zelako Korrika izango da zuretzat aurtengoa?
Joana Txarterina: Desberdina izango da. Inoiz baino adiago egon beharko dut eta gauza gehiagori ipini beharko diot arreta. Ilusio eta gogo handiz nago eta ondo egitea espero dut. Zorionez, lantaldea oso ona izaten da beti. 

Batak bestearen zer dohain azpimarratuko zenukete?
J.I.: Joanak oso tratu ona dauka jendeagaz. Hori garrantzitsua da, eguneko 24 orduetan elkarregaz egoten garelako. Korrika bi daramatzat beragaz eta hasieratik konturatu nintzen balio zuela. Gainera, oso pertsona antolatua eta ordenatua da. Nire kontuak eraman izan ditu, despistatua naiz eta. Beste dohain bat ere azpimarratuko nuke: erabaki arinak hartzen trebea da. Jendeak kontuan hartzen du berak esandakoa.
J.T.: Joseba lider ona da, badaki taldea sortzen. Lider on batek horixe egin behar du, taldearengan konfiantza izan. Gutariko bat da eta edonoiz eta edozegaz jo dezakezu berarengana. Beti entzun eta lagunduko dizu. Joseba niretzat ez da arduraduna bakarrik, laguna ere bada. 
J.I.: Beti konturatu naiz arduradun lana ez zela bokazionala niretzat, jendea kudeatzea eta hori guzti hori. Beti sentitu naiz erosoago zelaiko lanean, gauzak egiten, gauzetaz arduratzen baino. Baina arduradun lana egokitu zait askotan eta nire onena ematen ahalegindu naiz beti. 

Korrikan furgonetako taldean aritzea fisikoki ala mentalki da gogorragoa?
J.I.: Mentalki esango nuke. Fisikoki ez da hain gogorra, momentu batzuk kenduta. Baina batez ere burua da kontua, eta sortzen diren ezustekoetara egokitzen jakitea, espero ez duzun hamaika kontu sortzen da eta! 

Gaueko txandak dira gogorrenak?
J.I.: Segun eta zenbat lan dagoen. Sarritan lan gutxi egotea gogorragoa da, gaua luze egiten delako. Esaterako, Ipar Euskal Herrian hangoek eramaten dute Korrika, guk furgoneta bakarrik; hau da, ordu asko ezer gutxi egiten. 
J.T.: Gaueko txandek berezitasun polit bat dute: taldekideok bakarrik egoten gara. Bestela, bat dela edo bestea dela, hainbat jende dago, baina gauetan gu geutara gaude. Berba egiteko aukera dugu, gure arteko hartu-emana sendotzen da…

Korrikako zein une gogoratzen duzue bereziki?
J.I.: Arrigorriagakoa naiz baina 20 urte daramatzat Otxandion bizitzen. Beraz, 2017an Korrika Otxandion hasi zenekoa berezia izan zen. Orduan, furgoneta taldeko ardura eta lehenengo eguneko ardura, biak izan nituen. Oso gogorra! Konparazioan, ondorengo egunak oporrak izan ziren, bainuetxera joatea legez. Otxandioko hasiera ikaragarria izan zen, plaza bete-beterik. Gainera, otxandiarrak oso aktibo ibili ziren prestaketan. Herriak 1.300 bat biztanle ditu eta 300 boluntario ibiliko ziren.  
J.T.: Niretzat emozionantea da Korrika jaioterri dudan Zornotzatik eta egun bizi naizen Zeanuritik igarotzen denean. Baina niretzat momenturik emozionanteena aurreko Korrikan amagaz elkartu nintzenean izan zen. Alargunduta, gaixorik daramatza urte asko. Zornotzan zain nuen eta arrapaladan beragana irten nintzen. Mikrofonotik abisatu zioten, ni negar baten… Ingurukoek esan zidaten oso momentu polita izan zela. Beti gogoratuko dudan momentua da.

Zelakoa da hartu-emana gainerako kideekin? 
J.I.: Oso ona. Batzuk sarritan elkartzen gara, beste kontu batzuengaitik ere batzen garelako. Baina batzuekin urte birik behin baino ez gara elkartzen eta elkarregaz bizi garela ematen du, betiko kuadrilla garela. Hurbileko hartu-emana dugu, familia girokoa. 
J.T.: Zortedunak garela esango nuke. Denbora batean norbait ikusi barik egon eta gero, besarkada bategaz agurtzen duzu berriro ikustean. Lantaldeko neskak oporretan ere joan izan gara elkarregaz. Korrika oso esperientzia intentsoa da, eta gure artean giro ona badago askoz ere eramangarriagoa da. Gauza bat azpimarratu gura nuke. Korrikaren atzean jende asko dago lanean. Eskolak ematen dituzten bitartean, euskaltegietako irakasleak Korrika prestatzen dabiltza, esaterako. Ez gara herririk herri furgonetan gabiltzanok bakarrik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!