Martxoak 8

Martxoaren 8ko aldarriak kalera aterako dituzte domekan, Durangoko manifestazioan

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 6a

Durangoko Mugimendu Feministako kideak, astelehenean antolaketarako egindako batzarrean.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat dira eskualdean dauden deialdiak. Durangoko Mugimendu Feministak, esaterako, manifestazioa antolatu du domekarako. 

Ezkurditik abiatuko da, 12:30ean. Martxoaren 8ko aldarriak kalera aterako dituzte 'Beste mundu bat, beste Durango bat feminismotik' goiburuagaz. "Askotariko mugimenduetatik gabiltza eragiten, baina argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu 'beste mundu bat feminismotik'. Eta hori lortzeko, antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak", dio Martxoaren 8aren harira Euskal Herriko Mugimendu Feministak publiko egin duen mezuak.

Aurten ere kalera irteteko arrazoiak "sobran" daudela adierazi dute. "Desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioenak, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak", azaldu dute.

Data gehiago
Domeka honetako hitzorduaz harago, martxoan "feminismotik langile klasearen alde borrokatzeko" beste hainbat deialdi dagoela gogoratu eta euretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Martxoaren 17rako sindikatuek deitutako greba orokorra da lehenengoa. "Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik", zehaztu dute. Ondoren, martxoaren 21ean, arrazakeriaren kontrako eguna dator. "Mugimendu Feministaren ustez, zuriok oraindik asko dugu egiteko dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeria mozteko", gaineratu dute.

Etxeko eta zaintza langileen eguna ere gogoan izan dute, martxoaren 30a. Zaintza lanak "prekaritatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo" direla salatu eta "sistema publiko bat" aldarrikatzen dute. Azkenik, martxoaren 31 da gogora ekarri duten beste data bat, Trans ikusgarritasunaren eguna. "Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak gara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak. Alternatiba gara eta hori aldarrikatzera irtengo gara", arrazoitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!