Liztor asiarraren aurkako jardunaldiak, espezie inbaditzaileak eskualdeko eztigintza % 70 gutxitu ondoren

A. M. 2026ko martxoaren 5a

Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak eta Erletek liztor asiarraren aurkako jardunaldiak antolatu dituzte Durangaldeko udalen eta Foru Aldundiaren laguntzarekin. Inguruko erlezainen arabera, liztor asiarraren presentziak (Vespa velutina) %70eraino murriztu du ezti ekoizpena eskualdeko eremu batzuetan. 

Hiru saio formatibo antolatu dituzte liztor asiarraren mehatxuari nola aurre egin trebatzeko. "Jardunaldiekin, herritarrak espezie inbaditzaile honek ingurumenerako duen arriskuaz kontzientziatu gura ditugu. Boluntarioak erreginak harrapatzeko teknikez trebatuko ditugu, baita ere, udaberriko hilabeteetan espeziaren hedapena kontrolatzeko neurri nagusia baita", azaldu dute antolatzaileek. Saio formatiboetan erlezain eta teknikari espezializatuek parte hartuko dute, tartean, Iñaki Narbaiza, Felix Zabarte eta Aitor Unzueta Erlete Eztiola Elkarteko kideak. Aurreko kanpainetan, 100 boluntario ingururen laguntzagaz, Durangaldean zehar banatutako tranpetan 18.000 liztor inguru harrapatu dituztela azpimarratu dute. 

Doako hiru saio eskainiko dizkiete herritarrei Iurretan, Elorrion eta Durangon, martxoaren 10ean, 11n eta 12an, hurrenez hurren; saioak 18:00etan izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!