Mankomunitateak 10,47 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026a kudeatzeko, iazkoa baino % 8,3 handiagoa. Kontuek EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuten aurrera joan zen astean (Abadiñoko Independente Berriak eta Garaiko Herriko Taldea ez ziren osoko bilkuran izan). Aurrekontuak "aurkakotasunik barik" onartu zirela ikusita, Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak "giro politikoa" nabarmendu du: "Herritarrek lankidetza ikusi nahi dute udalerriak ordezkatzen ditugunen artean, eta ez liskarrak". Halaber, jeltzaleek planteatutako lau emendakinetatik hiru onartu ditu gobernu taldeak.
Gizarte zerbitzuak
Aurrekontuaren zatirik handiena arlo sozialak hartuko du, 6,74 milioi eurogaz (iaz baino % 5,97 gehiago). Kopuru horrekin, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak indartu gura dituzte, baita adikzioen programei eta adinekoen arreta psikologikorako programari eutsi ere. Halaber, Mankomunitateak jakinarazi du aurten ipini gura dutela martxan Abadiñoko eguneko zentro berria. Haren garapena "lehen urte operatiboaren ondoren" ebaluatuko dute, "etorkizuneko handitzeak zehazteko".
Tokiko garapena
Aurrekontuko beste 2,73 milioi euro tokiko garapenera bideratuko dute. Mankomunitateak geolokalizaziorako eta pisaketarako sistemak ipiniko ditu hondakinak batzeko kamioietan, eta ekintzailetza eta sustapen ekonomikoa koordinatzeko "profil tekniko espezializatu berri bat" ere sortuko du. Azken hori, DEK Durangaldea Enpresa Ekimena programari atxikia egongo da.
Barne egitura administratiboari dagokionez, lanpoostu tekniko berri bi sortu gura dituzte Giza Baliabideak eta arlo ekonomikoa kudeatzeko. Otaduyk aurrekontuaren ikuspegi orokorra defendatu du, kontuek “zerbitzu publikoen oinarrizko funtzionamendua" bermatzen dutelako eta "ongizate eredua indartzen" duelako.