ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek greba orokorrera deitu dute martxoaren 17rako. 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea, hori izango da lanuztearen oinarri nagusia, eta Confebaski eta Nafarroako Enpresarien Elkarteari eskatuko diote akordio bat egitea, gutxieneko kopuru hori bermatzeko. Era berean, sindikatuek "ekimen politikoak abiatzea" eskatuko diete Eusko Legebiltzarrari, Nafarroako Legebiltzarrari eta Espainiako Diputatuen Kongresuari, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko, eta horri esker, estatuko Autonomia Erkidego bakoitzak, tartean Euskadik eta Nafarroak, bere Lanbidearteko Gutxieneko Soldata definitu ahal izateko (LGS): 1.500 eurokoa, grebarako deitzaileen asmoz.
Lanuztera deitu duten sindikatuen berbetan, bizimodua "garestitu" egin da 2008tik hona, "baina soldatak ez dira neurri berean igo". Eta ondorioz, langileek "erosahalmena galdu" dute. "Egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen, eta horrek herrikide eta auzokide askoren bizitza soziala mugatzen du", adierazi dute. Halaber, "aberastasunaren banaketa gero eta modu bidegabeagoan" egiten dela eta krisiak "biderkatu" egin direla gaineratu dute: "Krisi ekologikoa, zaintzarena, soziala, ekonomikoa, politikoa, gerra hotsak edota eskuin muturraren oldartzea. Etxebizitza eta oinarrizko produktuen prezioen gorakada ere eman da, eta horrek prekarizatu eta pobretu egiten gaitu", zehaztu dute.
Greba prestaketak Durangaldean
Durangon Greba Batzordea eratu dute, eta beharginak, eragileak eta elkarteak deitzen dabiltza lanuztea prestatze aldera. Hori horrela, hitzordu bi zehaztu dituzte. Martxoaren 5ean, eguena, Intxaurrondoko Oktogonoan batuko dira greba orokorra prestatzeko. Biharamunean, martxoaren 6an, bigarren saio bat egingo dute. Bai bata bai bestea 18:00etan izango dira.
Abadiñon ere grebarako komitea osatu dute. Martxoaren 4an batzar irekia egingo dute Txanportan, 18:00etan.