"Kirolean datuak interesgarriak dira, baina batzuetan krudelak ere bai"

Anboto 2026ko otsailaren 9a

Aritz Zalbidegoitia eta Xabi Arizmendiarrieta Cafe Dromedario-Flotameteko eta Durangaldeko Bizikleta Eskolako elastikoekin.

Ataritik berbaroa entzuten da Duranguesa txirrindulari elkarteko egoitza barruan. Xabi Arizmendiarrieta Fernandez (Elorrio, 1993) eta Aritz Zalbidegoitia Agirrebeitia (Durango, 2002) norbaiten oxigeno kontsumoaren maximoari buruz eztabaidan dabiltza arrabola bat tokiz aldatzen duten bitartean. Kadete eta gazte mailetako Dromedario-Flotamet taldeko entrenatzaile eta prestatzaileak dira biak. Prestaketan azken urteetan izan den garapenari buruz berba egin dugu eurekin.

Asko aldatzen da prestaketa kadeteetatik junior mailara?
Xabi Arizmendiarrieta: Kadeteetan entrenamenduak bateratuak dira. Zergaitik? Ba, taldean irteteari eta hartu-emanak sendotzeari garrantzi handia ematen diegulako. Gero, juniorretan, apur bat gehiago indibidualizatzeko joera egoten da.
Aritz Zalbidegoitia: Izan ere, kadeteetako lasterketarik luzeena 69 kilometrokoa da, Eibarkoa, eta juniorretakoa 140 km ingurukoa. Orduan, prestaketa aldetik, kadeteak 8 bat orduan entrenatzen dira astero, eta juniorrak halako bi edo gehiago. Alde handia dago.

Gazteekin lan egiten duzuenean non ipintzen duzue arretarik handiena, epe laburreko errendimenduan ala epe luzerako garapenean?
X.A.: Inportanteena garapena eta formakuntza dira. Gozatuz ikastea eta balioak transmititzea, eta horrek bizitzarako ekarriko dizkien onurak. Errendimendua ondoren dator eta ez da garrantzitsuena, kadeteetan ez behintzat. Juniorretan beharbada apur bat gehiago fokalizatu daiteke txirrindulari bakoitzaren errendimenduan, beti ere helburu nagusiari eutsiz: bizikleta gainean gozatzea. 
A.Z.: Ziklista batek irabaztea izan dezake buruan juniorretan, eta Euskadiko selekzioagaz joatea du helburu. Beste batek, ostera, lagun giroan ondo pasatzea eta lasterketa amaitzea izan dezake helburu nagusi. Orduan, fokalizazioa desberdina da. Orduan ikusi behar duzu bakoitzak zer eskatzen duen eta zer emateko gai den. Errealistak izan behar dugu.

Prestakuntza geroago eta pertsonalizatuagoa da. Jasotzen diren datuek zer pisu daukate?
X.A.: Test desberdinak egiten dira, laktato testak esaterako. Test horrek esfortzuan zehar odolean pilatzen den azido laktikoaren maila neurtzen du. Datu horiei eskerrak, txirrindulariaren erresistentzia eta entrenamendu intentsitate egokiak zehaztu daitezke. 
A.Z.: Gure sasoian, potentziometroa zuena arraroa zen. Bost urtetik hona oso modan ipini da. Gazte askok dute eta bere erabilera orokortu egin da. Orain potentziometroa ez izatea da arraroa.
X.A.: Datuak interesgarriak dira, baina batzuetan baita hotzak eta krudelak ere. 18 urteko neska edo mutil bat beharrezko datuetatik urrun badago eta emaitza onak lortzea gatx izango duela badakigu, egoera kudeatu beharra dago. Eta kontrakoa ere gertatzen da. Datuek ez dute ziurtatzen profesionaletarako saltoa ematea, landu eta hobetu beharreko ezaugarri gehiago ere badagoelako: bizikleta gaineko abilezia, pelotoian ibiltzeko gaitasuna… Geroago eta gehiagotan ikusten diren gabeziak dira, eta alor horiek ere landu behar dira. Kontua ez da bakarrik entrenatzea eta pedalei eragitea. Berna indartsuak izatea ez da nahikoa. Hasieratik ahalegintzen gara gaitasun horiek lantzen.

Neguan ziklo-krosa eta pista nagusitzen dira. Zelan doa denboraldia modalitate bi horietan?
A.Z.: Oso ondo. Telmo Hernandezek, Aitorren semeak, kadete mailako Euskadiko txapelketa irabazi du ziklo-krosean. Eta Axular Aldazabal eta Xuba Gorroño pistako Bizkaiko txapeldun izan dira junior eta kadete mailan, hurrenez hurren. 
X.A.: Kadete mailakoei beti gomendatzen diet neguan pistan entrenatzea, errepideko denboraldiari begira. Belodromoan 15-20 gazte elkartuta pelotoi bat egiten duzu, azken batean. Pelotoian joateko simulazioak egin daitezke, gaitasun hori hobetzeko.

Prestatzaile lanean zerk ematen dizue satisfaziorik handiena?
X.A.: Pozik dabiltzala ikustea eta txirrindularitza uzten dutenean hemen ikasitakoa bizitzan baliagarria izango zaiela sentitzea. Horrek bizipoza ematen dit. 
A.Z.: Badago txirrindulari bat belauneko lesio bategaitik entrenamenduetan 10 kilometro egiteko kapaz ez zena. Handik lau hilabetera, gure aholkuekin eta gure laguntzagaz, dortsala ipini du berriro. Eta horregaz harro gaude.

Azken urteetan ikusten da txirrindulariak geroago eta gazteago heltzen direla profesionaletara. Formakuntza prozesua azkartzen dabil?
X.A.: Remco Evenepoel efektua deitzen diogu. Juniorretatik profesionaletara igo zen, 2019an. Orduan, juniorrek pentsatzen dute: "Ni ere igo naiteke". Prozesua bizkortzen hasi zen: lehen afizionatuetan entrenatzen zena junior kategorian entrenatzen da orain, eta juniorretan entrenatzen zena kadeteetan. Baina argi izan behar da formakuntza prozesu bat dela. Orain gazteek ez dute juniorretatik 23 urtez azpiko mailara igo gura, zuzenean profesionaletara baino.
A.Z.: Denak ez dira Remco edo Ayuso. Bakoitzak prozesu bat dauka. Mikel Landa eta Pello Bilbao, adibidez, ez ziren onenak euren gaztaroan, baina urteak joan ahala gora egin dute. Ziklista guztiek ez dituzte denbora berdinak, hori ulertu behar da. Zorionez, gureek Eiser-Hirumet 23 urtez azpiko taldea dute, trantsizioa modu harmonikoagoan egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!