Mankomunitateak 2026ko aurrekontu proiektua aurkeztu du, 10.477.805 eurokoa, eta oposizioko alderdien esku utzi. Gobernu taldeko kideek gizarte zerbitzuetara bideratu gura dute kopuru horren zatirik handiena, 6,74 milioi euro, eta zenbateko hori baliatuko dute besteak beste, Gizarte Larrialdietarako Laguntza kopurua igotzeko eta zerbitzu horretan eskaintzen arreta psikosoziala indartzeko. Halaber, aurrekontu proiektuak Abadiñon eguneko zentro berria martxan ipintzea jasotzen du. Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, zerbitzu publikoak ez dira "gastu huts" bezala ulertu behar, "baizik eta inbertsio sozial eta kolektibo" modura. Eskualdeak "etorkizun bidezkoa eta oparoa" merezi duela gaineratu du.
Tokiko garapenari dagokionez, Mankomunitateko gobernu taldeak hondakinen bilketa sistema eguneratu gura du, kamioietan eta edukiontzietan pisaketa eta geolokalizazio tresnak ipinita. Halaber, analisi tekniko bat egin gura dute bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren araberakoa ordaintzeko. Garapen ekonomikoari dagokionez, DEK Durango Enpresa Ekimena indartu gura dutela iragarri dute.
Administrazio kudeaketaren atalean, berriz, Elkartegia erosteko asmoa berretsi dute. Era berean, lanpostu tekniko berri bi sortuko dituzte (Giza Baliabideetakoa eta ekonomia arlokoa), "administrazioa hobetzeko" eta "arreta eraginkorragoa" eskaintzeko.