Esperientzia handiko musikariak zarete. Aurretik izan duzue proiekturik elkarregaz? Zelan sortu duzue Føsil?
Edu Baro: Martxoan urte bi egingo ditugu elkarregaz. Lolo, Itsaso eta hiruok elkartu, talde bat osatu eta musika elkarregaz sortzen hastea erabaki genuen. Gero batu zen Apeto.
Argi zenuten punka jorratuko zenutela?
Itsaso Leaniz: Bai, gutxi gorabehera bai. Bakoitzaren ibilbidea ikusita, beti izan ditugu punk edo hardcore doinuetako taldeak, beharbada baita rocka ere, baina argi genuen ez genuela beste inoren antzik izan gura, edo erreferente argirik izan gura. Gura dugun hori egin gura dugu.
"Sentimenduetatik sortutako musika" egiten duzuela diozue sare sozialetan.
E. B.: Punka da, hardcorea da, eta, azken finean, hori pasiotik sortutako musika da, ezta? Ez da azalekoa, ez behintzat gure kasuan. Erraietatik irteten zaigun musika da. Ibilbide luzea dugu, eta esperimentatzeko tartea ere hartu dugu, baina, zelanbait esateko, ahuntzak beti jotzen du mendira. Punk eta hardcore doinuetatik beste norabaitera goaz, baina ez dakigu nora. Bai musika eta bai hitzak erraietatik sortutakoak dira.
I. L.: Ez dugu formula batetik sortu gura, "funtzionatu dezan". Sorkuntza propiorako espazio bat da hau, eta guk gustuko duguna egin gura dugu, eta sorkuntza horretan disfrutatu ere bai, noski. Eta hortik abiatuta jendeak gustuko badu, ongi. Eta gutariko bakoitzak ibilbide bat duen arren, iruditzen zait proiektu hau bere identitate propioa hartzen dabilela.
Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan jo zenuten estraineko kontzertua. Zelan joan zen?
E. B.: Polita izan zen. Gainera, arazo batzuk izan genituen eta pozik gaude arazo horiek gainditzeko gai izan ginelako. Gure espektatibak bete genituen, oso ondo pasatu genuen, barre egin genuen, eta uste dugu hori orokorra izan zela; beraz, pozik.
I. L.: Oholtza gainean ondo konpondu ginen, eroso egon ginen. Dibertigarria eta atsegina izan zen, eta zaleen aldetik ere hori jaso genuen. Azken finean, jendearengana heldu gura dugu, kontzertuak jotzen jarraitu gura dugu, eta abesti berriak sortzen. Bide onetik goazela iruditzen zait.
Zergatik Føsil izena?
E. B.: Izen tinkoa iruditu zitzaigun. Ondo zetorkigula ere, eta, gainera, bakoitzak bere pelikula sortu dezake ea zein interpretazio duen.
Abesti propioak jotzen dituzue kontzertuetan. Baduzue asmorik horiek disko batean kaleratzeko?
I. L.: Oraingoz gure bideo batzuk baino ez daude Youtuben, Oihu! eta Bost pozoi abestien zuzenekoenak. Dena dela, udan sei abesti grabatu genituen, baina oraindino ez ditugu publiko egin. Berandu baino lehen, abesti horietako bi zenbait plataformatan publikatuko ditugu, baina oraindino ez dugu erabaki zelan egingo dugun. Udan grabatu genituen, baina lan edo familia kontuengaitik atzeratu egin da ekoizpen lana.
E. B.: Arlo horretan, gaur egungo joerak nondik doazen ikasten gabiltza, non publikatu, zelan publikatu... 90eko hamarkadatik gatoz, eta 2026an gaude; beraz, ea orain zelan egiten den (barrez).
I. L.: Dozena bat abesti inguru sortu ditugu orain artean; sei grabatuta ditugu, gainerakoak ez. Baina prest daude zuzenekoetako errepertoriorako.
E. B.: Bestalde, oraingoz digitalean publikatzea erabaki dugu. ZZE [Zuk Zeuk Egin, Do It Yourself inglesez] filosofiari jarraitzen diogu eta badakigu jende batek interesa duena fisikoan publikatzeko. Ez dugu hori baztertzen, baina orain sareetan egoteari ematen diogu lehentasuna. Azken finean, gure burua aurkezteko eta ezagutarazteko modu bat ere bada hori.
Dinamitta estudioko Güsagaz grabatu duzue.
E. B.: Nahiko ondo konpondu gara grabatzerakoan, entsegu lokala dugun eraikin berean daukalako Güsak estudioa. Gainera, Güsa bera ere taldeko parte dela esan dezakegu, taldearen sortze prozesuetan ere parte hartzen duelako. Presarik barik egiteak ere asko erraztu zuen.
I. L.: Bera hurbil izatearen pribilegioa izan dugu, asko inplikatzen delako bere proiektuetan. Ordu asko eskaini dio proiektuari.
Hainbeste urte joan eta gero, eszena oso aldatuta ikusten duzue?
I. L.: Bai. Azken hogei urteetan asko aldatu da. Euskal Herrian toki mordoa dago jotzeko, eta talde asko dago. Baina benetan aldatu dena irteteko ohitura dela esango nuke. Durangaldetik irten barik, ohikoa zen asteburu berean bi-hiru kontzertu ikustea. Soziologia lan interesgarria da, besterik barik. Ez diot ez hobeto ez okerrago dagoenik.
E. B.: Mundua asko aldatu da, bai. Talde gutxi batzuek jendetza mugitzen dute, baina gero publiko hori guztia ez da beste kontzertu batzuetara joaten.