Ruiz de Infantek eta Mendizabalek gertuago dituzte finalerdiak gaur Durangon lortutako garaipenarekin

Anboto 2026ko otsailaren 1a

Ainhoa Ruz de Infante -ezkerretik hasita bigarrena- gaurko jardunaldian. (Argazkia: Emakume Master Cup)

Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak binakako Master Cup txapelketako bigarren garaipena lortu du gaur.

Master Laboral Kutxa Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusian gauzak argitzen ari dira eta Aldai-Arrillaga eta Ruiz de Infante-Mendizabal bikoteek euren helburuetara asko gerturatu dituen garaipenak eskuratu dituzte jendez lepo egon den Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Gaurko garaipenarekin, Aldai-Arrillaga sailkapeneko lehen postura igo dira lau punturekin eta Ruiz de Infante-Mendizabal hirugarrenak dira, garaipen birekin.

Lehen partidan Amaia Aldairen izena nabarmendu behar da. Dimoztarrak sekulako partida jokatu du, pilotari beste abiadura bat sartu dio eta berak ezarritako erritmoarekin hautsi da lehia. Arrillaga ere seguru aritu da atzean eta arazo handiegirik gabe gainditu dute Zabaleta-Bertiz bikote gaztea (22-14).

Bigarren partida gogorragoa eta orekatua izan da. Azken txanpara bi tantoren aldearekin baino ez dira sartu Ruiz de Infante eta Mendizabal (19-17), baina partida amaieran Sagardui eta Gaminde ez dira markagailuari buelta emateko gai izan, aurkariak gehiago izan direlako (22-18). Gaurkoan Sagardui gazteak ez du bere egunik onena izan eta Gamindek, sekulako mailarekin, partidari eutsi ahal izan badio ere, azkenean amore eman behar izan dute. Parean, Ruiz de Infante otxandiarrak asko asmatu du tantoak amaitzerako orduan eta Mendizabalek ere oso partida txukuna jokatu du.

Promesen mailako partiduan Irati Benitok eta June Berasaluzek 18-10 irabazi dute June Urrutikoetxearen eta Marta Gomezen aurka.

Datorren astean jardunaldi oso berezia jokatuko da, lehen aldiz Binakako Txapelketa Nagusiko jaialdi bat Ipar Euskal Herrian jokatuko da eta. Itsasun izango da, bertako Xalbador kolegioaren alde.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!