Adinekoen bakardadeari aurre egiteko kanpaina Mankomunitatearen eskutik

E.H. 2026ko urtarrilaren 29a

Iturria: Sabine van Erp (Pixabay)

Erabiltzaileei sostengu eta konpainia emozionala emateaz gainera, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eskainiko diote, hala nola erosketetan lagungu edo kultur ekitaldietara joaten lagundu. 

Mankomunitateak adinekoentzako akonpainamendu programa ipini du
martxan. Bakardade egoerari aurre egiten eta hartu eman sozialak indartzen lagundu gura diete nagusienei. Zerbitzuak astean bi edo hiru bisita eskaintzen dizkie parte hartzaileei, pertsona erreferente beraren eskutik. Bisita horien bidez, erabiltzaileek konpainia eta sostengu emozionala jasotzeaz gain, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute: paseoan irten, hitz egin, jokoak egin, erosketetan lagundu edo kultur eta gizarte ekimenetan parte hartu. Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak esan duenez, "etxean bakarrik egotea ez da soilik denboraren kontua; ongizate psikologikoan eta osasun orokorrean ere eragin handia izan dezake”.

Zerbitzuak Durangaldeko ia udalerri guztiak barnebiltzen ditu: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Halaber, udalerri txikietara eta adineko guztiengana iristea du helburu programak. Parte hartu gura dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 94 623 25 22 telefono zenbakira deitu dezakete edo enplegua@dma.eus helbidera idatzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!