Berton Bertokoak Durangaldeko jantokien kudeaketa ereduaz hausnartzeko eta eraldaketarako bideak aztertzeko topaketa batean parte hartuko du zapatuan. Alex Azpiri dinamikako kideak jakinarazi duenez, "eskualdeko ikastetxe publikoetako sukaldeetan bertako ekoizleen produktuak sartzeko dauden aukerak eta erronkak" izango dituzte hizpide. Hitzordua Bergaran egingo dute, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 10:00etatik aurrera.
Jardunaldiak atal nagusi bi izango ditu. Batetik, marko legalari erreparatuko diote: "Abokatu batek azalduko digu gaur egungo marko juridikoa eta arautegia, eta zer aukera dauden marko horren barruan". Bestetik, jada martxan dauden bi esperientzia esanguratsu ezagutuko dituzte: Urduñako eskolakoa (Bizkaia) eta Betelukoa (Nafarroa).
Bi bide, helburu bera
Azpirik azaldu duenez, Urduñako umeek tokiko produktuekin kozinatutako otorduak jasotzen dituzte egunero. "Udaleko adinekoen zentroko sukaldea erabiltzen dute eskolako umeentzako bazkariak prestatzeko, tokiko produktuak erabiliz", zehaztu du. "Betelun, berriz, arautegi aldaketa bat izan zen gakoa. Nafarroako Gobernuak arautegia aldatu zuen, eta horrek eskolak kudeaketa propioa izatea ahalbidetu du. Aldaketa horrek ateak ireki dizkio sukaldea eskolan bertan izateari eta hornitzaileak hurbilekoak izateari", azpimarratu du dinamikoako kideakk.
Hori horrela, halako esperientziak Durangaldera esportatzeko modukoak izan daitezkeela erakutsi gura du Berton Bertokoak. "Sarritan administrazioak jarritako oztopo teknikoen gainetik, eskolako jantokiak osasuntsuagoak, iraunkorragoak eta tokiko ekonomiaren bultzatzaile izatea posible dela erakutsi nahi dugu. Horretarako aukerak badaudela". Azpirik gaineratu du eskualdean "zortzi ikastetxek" daukatela sukaldea, eta horietan tokiko produktuak kozinatu ahal izatea "teknikoki eta praktikoki bideragarria dela".