"Odola emanda, ahalegin txiki bategaz biziak salbatu daitezke"

Jone Guenetxea 2026ko urtarrilaren 23a

Odola ematea elkartasun ekintza anonimoa da. 10 minutuan egiten den ekarpen horrek biziak salbatu edo luzatzen laguntzen du. Baina donazio kopurua beharrizanen araberako mailetan mantzentzea ezinbestekoa da. Ildo horretatik, Osakidetzak ohartarazi du odol erreserbak baxu daudela. Laura Biritxinaga durangarra Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Kudeaketa Klinikoko unitateburua da. Eskualdeko herritarrak parte hartzera animatu ditu.

Osakidetzak ohartarazi du odol erreserbak baxu daudela. Zein da gaur egungo egoera?
Egoera hau urtero errepikatzen da. Gabonak eta abuztua momentu delikatua izaten dira erreserbetarako. Alde batetik, ohiko emaileak oporretan egoten dira; eta, bestetik, aurtengo neguan, beste batzuetan legez, gripeak oso goiz jo du goia. Azaroa oso hilabete ezohikoa izan da donazioetarako, eta kontuan izan behar da arnas-birus bat izan ondoren 15 egun itxaron behar direla berriro odola emateko. Hori guztia batu da, eta, gainera, aurten jaiegunak aste erdian izan dira eta jaiegunetan ez dugu odol bilketarik egiten. Hori kontuan hartuta, urtarrileko lehenengo astera nahiko baxu heldu gara.

Sarri pentsatzen dugu odola larrialdietan baino ez dela behar izaten, baina, zein egoeratan da ezinbestekoa odol emaileen ekarpena? Ospitaleko eguneroko jardunean beharrezkoa izaten da.
Bai, behar-beharrezkoa da. Ospitaletan egunero egiten dira transfusioak. Paziente kroniko asko dago, onkologikoak adibidez; hauek oso tratamendu onak dituzte eta bizi itxaropen luzeagoa, baina askotan tratamenduan transfusio bat behar izaten dute, odol maila mantentzeko. Gero, badaude larrialdiak, ebakuntzak (programatuak izan arren askotan odola behar da), transplanteak eta baita erditzeak ere. Batzuetan, erditzeetan edo jaioberrien kasuetan, ume goiztiarren kasuetan, adibidez, odola behar izaten da. Denerik dago.

Erreserba mailak egokiak direnean ez duzue deirik egiten. Berez estatistikoki badakizue zenbat behar den eta muga horretara heltzean egiten duzue deia.
Euskal Herriko sare osoa kudeatzen dugu, pribatuak ere guk hornitzen ditugu odolagaz eta plaketekin. Dena informatikoki identifikatuta daukagu eta badakigu normalean zenbat behar izaten den. Aurreikusten dugunean maila batzuetara jaitsi dela, erreserba horietara heldu baino lehenago dei egiten dugu herritarren kolaborazioa eskatzeko.

Deialdi bat egiten duzuenean, igartzen duzue jendearen erantzuna? 
Zuzenean igartzen dugu. Jendeak itzelean erantzuten du, atoan erreakzionatzen du. Aurten, adibidez, erantzuna berehalakoa izan da. Goiz batean arazoa jakinarazi, eta arratsaldean bertan igarri da erreakzioa. Gero sistemak hori xurgatu egiten du. Biltzen duguna prozesatu egin behar da lehenengo, eta aste honetan zehar joango gara ospitalen erreserbak berriro betetzen. Baina erantzuna oso ona izaten da, bai. Hala ere, gogoratu beharrizana urte osoan dagoela.

Belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da odol emaileen artean. Zelan egin daiteke transmisio hori gazteagoen artean odola ematearen garrantziaz kontzientzia pizteko?
Baditugu proiektuak gazteen artean gai honen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko. Eskoletatik hasten da askotan. Ikastetxe bategaz, esate baterako, adin txikikoekin proiektu solidario bat lantzen dugu: herritar legez kontzientzia hori hartu behar dugu, denon artean horri eusteko. Azken batean, denon onerako izaten da, norberaren onerako zein inguruko baten onerako. Osasungintzaren eta hezkuntzaren artean lotura hori txertatzea da gakoa. Bestalde, Lanbide Heziketako zentroekin ere baditugu ikastaroak eta jarduerak.

Baduzue 2025eko odol emateen daturik?
2025ean, 46.418 emailek 79.107 odol emate egin zituzten Euskadin, gehienek erregulartasunez (urtean birritan edo gehiagotan) eman zuten odola. Hala ere, nabarmentzekoa da 6.599 emaile berri egon zirela. Izan ere, 68.415 globulu gorri kontzentratu eta 11.504 plaketa-dosi lortu ziren, eta 22.224 plasma-litro immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albuminak eta abar prestatzeko erabili ziren. Guztira, 82.000 osagairen transfusioa egin zen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik osasun zentroetara banatuta, pazienteen bizia salbatzen edo haien osasuna hobetzen laguntzeko.

Eta Durangaldean?
2025ean, 1.669 emaile izan genituen Durangaldean (713 emakume eta 956 gizon). Horien artean, azpimarratzekoa da 105 pertsona odol emaile berriak izan zirela (66 emakume eta 39 gizon). Guztira, 2.832 donazio egin zituzten (1.065 emakumeek eta 1.767 gizonek).

Gai honetan desinformazio handia dagoela esango zenuke? Zein da errepikatzen den informazio oker hori?
Informazioaren aldetik, odolagaz zer egiten den da gehien errepikatzen den galdera. Batzuek pentsatzen dute saldu egiten dela. Odol emate arrunt batean, odola zentrora ekartzen da eta hor zatitu egiten da, hiru osagaitan: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Bakoitzak indikazio bereziak ditu, eta, beraz, pertsona batek hiru pertsonari lagundu diezaiekeela esaten dugu. Plasmagaz zer gertatzen da? Plasmaren kasuan, zuzenean egin daiteke transfusioa, baina beste zati handi batetik botika plasmatikoak ateratzen dira. Guk enpresa bati ordaintzen diogu zerbitzu hori egiteagaitik, baina botika horiek doan bueltatzen dira ospitale publikoetako farmazietara. Botika horiek sistema publikoan erabiltzen dira. Hori, adibidez, askotan galdetzen digute.

Jendea beldur denean, edo zalantzak dituenean, orratzari dioten beldurragaitik, adibidez, zer esango zenieke lehenengoz probatzera joan daitezen?
Ahalegina egiteko. Baliteke batzuek beldurra sentitzea, orratzak ezin dituzte ikusi ere egin, baina behin hori gaindituta bueltatu egiten dira. Batzuetan aurreiritziak ere izaten dira. Prozesua bera, odola ematea, 10 minutu dira, eta elkarrizketa ere kontuan hartuta 20 minutu izan daitezke guztira. Ahalegin txikia da eta biziak salbatu daitezke. Gaur egun, kirolariekin ere zalantza asko dago, errendimenduan kalte egingo ote duen. Baina odol kopurua erraz berreskuratzen da. Zure bizimodua kirolean oinarritzen ez bada, txirrindulari talde profesional batean ez bazaude, adibidez, ia ez dago eraginik, esan dudan moduan odola segituan berreskuratzen delako. 

Durangon leku finko bat daukagu odola emateko. Eguenero egoten gara, 16:30etik 20:45era, anbulatorio zaharrean. Durangaldeko beste herrietara autobusagaz joaten gara.

Zein da odol emate sistemak Euskal Herrian duen erronka nagusia epe ertainera edo luzera begiratuta?
Batez ere, belaunaldi aldaketa da. Oso belaunaldi fidela eta erregularra izan dugu. Jende horrek oso serio hartzen zuen odol ematea, eta ahal zuen neurrian etortzen zen. Baina jende hori adinean gora doa, osasun arazoak izan ditzake, edo ebakuntzaren bat, eta ezin du eman. Beraz, pertsona horiek ordezkatzea da erronka. Gazteek edo atzetik datozenek ohitura hori hartzea da gakoa, aurrekoek izan duten moduan, eta denon artean sistemari eustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!