Senide zaintzaileentzako laguntza jardunaldiak Berrizen eta Abadiñon

E.H. 2026ko urtarrilaren 22a

Argazkia: Sabine van Erp. Pixabay

Abadiñoko saioak urtarrilaren 28tik aurrera hasiko dira. Osasuna eta psikologia landuko dituzte horietan. Berrizkoak urtarrilaren 29tik aurrera egingo dira. Laguntza eta psikologia landuko dituzte.

Mankomunitateak prestakuntza egutegi bat antolatu du senideen zaintzaileak orientatzea helburu. Laguntza psikologikoko tailerrak eta osasun prestakuntza saioak eskainiko dituzte hemendik eta martxora bitartean. Jardunaldietan zaintzaileen karga emozionala eta fisikoa arintzeko tresnak eskainiko dituzte. Saioak Berrizen eta Traña-Matienan (Abadiño) egingo dira, profesionalen bitartekaritzagaz. 

Osasuna eta psikologia Traña-Matienan

Abadiñoko programazioa urtarrilaren 28an hasiko da, Osakidetzarekin lankidetzan. Diana Sanchez odontologoak Aho-hortzen osasunaren garrantzia zainketetan izeneko formakuntza eskainiko du Errota Kultur Etxean (16:15-17:45).

Ondoren, otsailaren 4tik aurrera, zazpi saioz osatutako laguntza psikologikoko tailerra hasiko da toki berean. Ana Martín García psikologoak gidatuta, zaintzaileen emozioak, indar psikologikoak eta epe luzeko zaintzak dakarren nekea landuko dute eguaztenero.

Laguntza tailerrak Berrizen

Berrizen kasuan, saioak urtarrilaren 29an hasiko dira, Nagusien Etxean. Esther Alonso Vallina psikologoak gidatuko ditu saioak. Tailerrak eguenetan egingo dira, martxoaren 5era arte, 11:00etatik 12:30era.

Zerbitzuak doakoak dira. Interesdunek 94 620 05 46 / 680 425 764 telefonoetan edo zaindu@dma.eus helbidean eman dezakete izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!