Rio de Oro udan Saharako umeak harreran hartzeko familia bila dabil

E.H. 2026ko urtarrilaren 7a

Orain artekoak baino bost harrera-familia gehiago behar ditu Tindufeko kanpalekuetako umeak etxeetan hartzeko.

Río de Orok harrera familiak topatzeko kanpaina hasi du, uda garaian, Saharako umeak Durangaldeko etxeetan hartzeko. Elkarteak jakinarazi duenez, aurten, bost harrera familia berri behar dituzte: "Deialdi bat egiten diegu Durangaldeko eta inguruko familiei, parte hartu nahi badute edo informazio gehiago jaso nahi badute, Gobernuz Kanpoko Erakundearekin harremanetan jar daitezen. Harrera egitea elkartasun-keinua da, bizitzak aldatzen dituena eta herri sahararrarekiko elkartasun-loturak indartzen dituena", azaldu du elkarteak. Era berean, honako hau gogorarazi du: familiek ez dute aurretiko esperientziarik behar, elkartea bera arduratzen delako prozesu osoan zehar familiei laguntza eta arreta eskaintzeaz. 

Udako egonaldiak osasun egoera hobetzen laguntzen die Saharako umeei. Azterketa medikoak egiteko eta ingurune seguru eta osasungarriaz gozatzeko aukera eskaintzen die bi hilabetez. Izan ere, Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetako egoera gogorra da, udan 50 gradutik gorako tenperaturak izaten dira-eta han.

Izena emateko

Informazio gehiago jasotzeko edo harrera-programarekiko interesa adierazteko, interesdunek Río de Oro Durangaldea elkartearekin jar daitezke harremanetan ohiko bideen bidez: info@riodeoro.org eta 676108794

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!