Metal Groupeko langileek elkarretaratzeak egingo dituzte Berrizen eta Durangon

Anboto 2025eko abenduaren 23a

Lebarioko bulegoak.

Metal Group Smelting & Performers taldeak Lebarioko eta Legutioko (Araba) plantetako 139 lanpostu suntsitu gura dituela salatu du langile batzordeak. Elkarretaratzeak bihar, abenduak 24, 12:00etan Berrizen, Olakueta plazan, eta abenduaren 29an, 18:00etan Durangon, Andra Marian egingo dituzte. 

Langileen ordezkarien berbetan, enpresaren proposamena Lebarioko lantokia ixtea da; 48 lagunek egiten dute lan bertan. "Enpresak ERE bat defendatzen du, bezero nagusiarekin oraindik itxi gabe duen negoziazioagatik", azaldu dute langileek ohar baten bidez. Lebarioko lantokiko langile batzorde CCOOko hiru ordezkarik eta LABeko bik osatzen dute. Plantilarekin egindako asanbladan, bi hilabete lan kargarik barik daramatela eta ordainketarik jaso barik daramatela ezagutzera emateko asmoz, elkarretaratzeak egitea erabaki zuten. Abenduaren 24an egingo dute lehenengo mobilizazioa, Berrizen, 12:00etan; abenduaren 29an, 18:00etan, Durangoko Andra Marian egingo dute langileek elkarretaratzea. 

Legutioko kasuan, greba mugagabeari ekingo diote urtarrilaren 7tik aurrera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!