ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Gozamena ez da nahitaez bidea emaitza on baterako"

Deñe Izaga/ Aritz Maldonado 2025eko abenduaren 19a

Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga eta Txaber Altube bertsolariak gerra emateko asmoz igoko dira oholtzara. Txapela jasotzen duena finalistetako edozein delarik ere, Arantza Plazaren eskuetatik jasotzea "ohore bat" izango dela nabarmendu dute.

Zer gorputzaldigaz heltzen zarete finalera?
Aitor Bizkarra: Abestu ditudan hiru saioak irabazita nator eta horrek konfiantza handia ematen dit. Aurreko saioetan jausialditxoren bat badaukazu, adibidez, gehiago kostatzen da gero konfiantza hori berreskuratzea. Baina aurreko saioak irabazita gehiago sinesten duzu zeure buruarengan. Hori bai, gozamena ez da nahitaez bidea emaitza on bat lortzeko. Gozamena gero etorri daiteke. Entzuleak, bai, gozatuko du, baina norberak, ondo egiteko, sufritu egin behar du apur bat. Niri behintzat horixe gertatu zait txapelketan zehar. Ez dut sufritu sufritzearren; kontzentrazioak, tentsioak eta burua zukutu beharrak dakarte sufrimendu puntu hori. Eta horretara joango naiz finalera. Sufritzeko gaitasun hori izan gura dut finalean, oztopoak gainditzekoa, horrek bertsotan ondo egiten laguntzen didalako. Bertsotan orain arte ibili naizen moduan ibiltzea gura nuke. Edo hobeto, jakina.

Gorka Pagonabarraga: Egia esanda, ez dakit ondo zelan natorren. Sentsazioa dut benetan nagoen baino tristeago agertu naizela, prentsaurrekoan ere bai, baina ez da horrela, plaza pribilegiatu batean kantatuko dugulako. Hori bai, txapelketak mentalizatu ezinik edo erritmoa hartu ezinik harrapatu nau. Hala ere, eutsi diogu eta behin hemen egonda, Arantzaren berbak entzunda, ahalik eta saiorik onena egiteko ilusioa sartu zait, hainbeste jenderen aurrean norberak esateko dituenak esatea delako bertsotan egon daitekeen plazerik handienetariko bat. Azken egunetan [elkarrizketa abenduaren 10ekoa da] gorputzaldi gorabehetsuak izango ditudalakoan nago, errusiar mendiaen antzera, baina esango nuke puntu onean helduko naizela finalera.

Txaber, hainbat ediziotan ateetan geratu eta gero, lehenengo finala duzu hau. 
Txaber Altube: Pozik nago. Hala ere, txapelketa niretzat ez da finalera ailegatuta amaitzen. Arduraz nator finalera, badakidalako zer den ateetan geratzea, eta hor geratu direnekiko errespetuz ere. Ez nator txakurkume baten jarreragaz, edozer gertatuta ere emozionatzeko prest, final on bat egiteko asmoz baino. Txapelketa polita egiten nabil eta horrela jarraitzea gura nuke. Lehenengo finala da baina makina bat txapelketatan parte hartutakoa naiz; ateetan ere geratu izan naiz, eta motibatuta nator.  

Lagunak zarete eta urteak daramatzazue elkarregaz bertsotan. Bertsokide ala lehiakide izango zarete gehiago zapatuan?
A. B.: Biak lagun eta bertsokide ikusten ditut, objektiboki lehiakideak ere badiren arren. Baina guretzat lehiakideak ez dira traba bat, ez dira bota beharreko zeozer. Bertsotan dialogo bat eraiki behar da, eta, beraz, elkarri lagunduta zeozer eraiki beharrekoa elkarregaz. Beraz, lehiakideak bai baina bertsokideak ere bai. Ez da kontraesankorra bertsotan, eta gutxiago Gorkagaz eta Txaberregaz.

G. P.: Dena esanda utzi duzu. Aitorrek dio ez dela gazte sentitzen, baina nik 25 urte ditut, eta arlo horretan oraindino zeresana badudala uste dut (barrez). Ez dut, adibidez, 45 urteko batek kantatuko duen berdina esango. Hortik ere abestu gura dut. Bestalde, ofizio on batek albokoari entzutea eskatzen du, eta ahalik eta elkarrizketarik onena sortzea; beraz, biek elkarregaz egindako bidea da. 

T. A.: Ni azkena naiz finalean sartzen, baina ez gazteena; beraz, horrek esan gura du ez dela gazte berririk sartu. Horrek pena emango die batzuei, baina horri eskerrak sartu naiz ni finalean, eta ni neu pozik nago, jakina (barrez). Hauek biak oholtzan kide izateak segurtasuna eta poza ematen dizkit. Hirurok elkarregaz egoteak ilusioa ematen dit. 

Abantaila bat izan daiteke?
T. A.: Bai. Ez bakarrik hobeto kantatzeko, baizik eta ilusioa egiten didalako finalean hiru lagun egoteak. Horrez gainera, oso ondo elkar ezagutzen dugu. Gatx da gure artean bertsotan elkarri sorpresak ematea, eta badakigu ofizioa emanda elkarregaz bertsotan egiten.  

Arantza Plazak jantziko dio txapela irabazleari. Pronostikorik?
A. B.: Arantza egotea ohore handia da guretzat. Normalean, bertso munduan ibilbide luzea egindakoren batek janzten du txapela. Arantzak badu hori, inongo zalantzarik barik. Ez dakit gutakoren bati jantziko dion, baina bere eskuetatik jasotzea ohore handia litzateke. Bestalde, finaleko ia %50 Durangaldekoak gara; hortik aurrera, norberak egin ditzala kontuak eta kabalak.

G. P.: Prentsaurrekoan Arantzaren berbak entzunda emozionatu egin naiz. Bizi osoan inurri lan horretan dabiltzanekiko aitortza bat egitea da, eta hori oso polita da, azken finean. Fokuek beti antzeko jendea hartzen dute, fokupean gabiltzanok inurri lanean ibiltzea zer den ere badakigun arren. Eder-ederra iruditu zait eta bere jarrera ere gustatu zait. Pronostiko aldetik, ez dakit [Txaberri begiratu dio]; presio gutxiago dugula esango dut. Hori bai, egunen baten txapela Durangaldera ekarriko dugu. Seguru! Baina ez dakit aurten izango den ala ez. Ikusiko dugu.  

T. A.: Egin gura dugun saioa egitea lortzen badugu, irabazi gura duenak lan handia egin beharko du. Ni neu ez naiz paseatzera joango. Arantzari dagokionez, aitortza hau egitea beharrezko ikusten dut, benetan merezi duelako. Irabazten duenak irabazten duela ere, ohore bat izango da txapela Arantzak ipinitzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!