Sare sozialen bidez, hainbat ekintza bere gain hartu ditu Durangaldeko Ernaik. Berrizko udaletxetik Espainiako bandera eta Elorrioko hilerriko plaka frankista bat kentzeaz gainera, Durangoko epaitegian egindako pintaketak eta Zornotzan egindako ekintza hartu ditu bere gain: "Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren kontra oldartu eta gure hizkuntzaren kontra aritzen direnak markatu ditugu; Konstituzio egunean, berriz, Zornotzan, gure zapalkuntza nazionala eta soziala betikotzen duen tresna honen aurkako agerraldia egin genuen", aldarrikatu dute.
Zapatuan, Durangon jarri zituzten ikusgai "ikur arrotz" eta "inposatu" legez izendaturiko sinboloak, Santa Ana elizako eskailera kosketan. "Euskal Herrian zehar, eskualdean bezala, hamarnaka ekimen egin dira. Horrek hautsak harrotu ditu hainbat sektore politikotan, Ernai jo puntuan jarriz". Hori salatzeko, agerraldia egingo dute gaur, Bilbon.