"Saguganbara erronka handia da Berbarorentzat"

Maialen Zuazubiskar 2025eko azaroaren 29a

Itxasne Arabiourrutia iaz hasi zen Saguganbarako arduradun lanetan. Oso esperientzia positiboa izan zen Berbaroko kidearentzat, eta irrikan dago aurtengo edizioa hasteko. Saguganbarak, Berbaroren eskutik, ume zein gazteei euskal kulturara gerturatzeko aukera eskaintzen die. 

Hasteko, zelan doaz Saguganbarako azken prestaketak? 
Azken hileetan lan handia izan dugu eta buru-belarri gabiltza azken prestaketekin. Programazioa guztiz lotuta daukagu jada, eta azken txanpa honetan xehetasun txiki batzuk baino ez zaizkigu geratzen: lekua atontzea, materiala eta liburuak ipintzea, eta halakoak. Prestaketei dagokienez, lanik handiena eginda dago oro har, eta, beraz, dena ondo doa.

Saguganbara Azokaren barruan oso finkatuta dagoen gunea da. Zer topatuko dute bertara doazenek?
Askotariko proposamenak aurkituko dituzte; besteak beste, liburu eta ipuin aurkezpenak, ipuin kontaketak, zuzeneko musika eta dantza ikuskizunak, karta jokoak, pailazoak, eta sormena lantzeko tailerrak.
Gainera, bertaratzen direnek aukera paregabea izango dute sortzaileekin egoteko, idazleak, ilustratzaileak eta ipuin kontalariak bertan egongo dira-eta euren lanak aurkezten.

Horrez gainera, haur literaturako azken nobedadeak ere izango ditugu, eta baita iazko liburuak ere, denak gomendagarriak. Horiek guzti horiek Berbarok urtero argitaratzen duen irakur gidan jasota daude, eta irakur gida bera ere bertan eskuratu ahal izango da. Hori nahikoa ez, eta lagunekin edo familian irakurtzeko tarteak ere egongo dira. 

Zelako erantzuna izaten dute Saguganbarako ekintzek?
Oso ona. Ume eta nagusiek asko eskertzen dute azokan eurentzat pentsatutako gune bat egotea, eta ekintza zein ikuskizunetan oso gustura parte hartzen dute. Egunaren eta programatutako jardueren arabera, jende gehiago edo gutxiago egoten da, baina saio askotan Saguganbarako gunea beterik egoten da. Oso gutxitan egoten da jende gutxi.

Zeintzuk dira aurtengo nobedadeak?
Saguganbaran aurkezteko baldintzetariko bat urte barruan argitaratutako produktua izatea da, eta aurten 24 nobedade daude. Ekitaldi guztiak oso interesgarriak dira, baina batzuk nabarmenduko nituzke: Euskal Barrok Ensemble taldeak Xirribit ipuin musikatua aurkeztuko du, Maite Gurrutxagak Tapakia, eta Gora Musikak zein Korrontzik disko aurkezpen bana egingo dute.

Amaitzeko, Itxasne, Berbarorentzat erronka garrantzitsua izaten da Saguganbara antolatzea, ezta?
Saguganbara erronka handia da Berbarorentzat, bai, eta oso pozgarria era berean. Logistikoki lan handia eskatzen du, baina taldearen konpromisoari eskerrak ondo eramaten dugu. Berbaro 90eko hamarkadatik dabil Durangoko Azokan umeentzat ekintzak antolatzen, eta gure ibilbidearen parte garrantzitsua da hori.

Berbarok urte osoan lan egiten du euskararen eta euskal kulturaren alde, eta Saguganbara Azokan egoteak ikusgarritasun handia ematen dio gure eguneroko jardunari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!