[ARGAZKI GALERIA]: Itxialdiak Durangaldeko ikastoletan, Hezkuntza Sailari "konpromisoak betetzea eskatzeko"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 27a

Kurutziaga ikastolako, Ibaizabal ikastolako (Durango) eta Andra Mari ikastolako (Zornotza) beharginek itxialdiak hasi dituzte Hezkuntza Sailak 2023ko Akordio Laboralean jaso zituenak "bete ditzala exijitzeko". 

LAB sindikatuak deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langileek itxialdiak hasi dituzte, eta protesta horien isla Durangaldeko ikastoletara ere ailegatu da. Izan ere, Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako eta Zornotzako Andra Mari ikastolako hainbat beharginek itxialdia hasi dute. Kanpalekua ipini dute ikastetxe sarreretan, eta zentrotik irten bari daude atzotik.

Protestaren helburua honako hau dela esan du LABek: "Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jaso ziren konpromisoak betetzea". Izan ere, sindikatuaren esanetan, akordio hori bete barik dago, eta hori "eragin zuzena" izaten dabil "langileen lan-baldintzetan". "Hezkuntza Saila iskin egiten ari zaio langile batzuen soldata parekatzeari, sinatutako akordioan parekatzea langile guztientzat izango zela adostu zuen arren", azaldu dute.

LABen iritziz, ikasleei eskaini beharreko "hezkuntza duina langileen lan baldintzetara lotua dago ezinbestean", horregatik, "borrokan" jarraituko dutela iragarri dute, "Hezkuntza Sailak dagokiena eman arte".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!