Patinetea, beste ibilgailuen pare

A.M. 2025eko azaroaren 26a

Erabiltzaile bat patinetean. SURPRISING MEDIA (PIXABAY)

Patineteak geroago eta ohikoagoak bihurtu dira Durangaldeko kaleetan. Jostailu legez sailkatuak izatetik, garraiobide izatera igaro dira azken urteetan. Erabileraren gorakadaren ondorioz, eragindako aldaketak arautzeko beharra sortu da, eta erakundeak horri erantzuteko asmoz dabiltza. Durangaldera ere heldu dira aldaketa horiek, eta aurten ordenantza bidez arautu dira horien erabilerak, lehenengo Zornotzan, eta urrian Durangon.

 Horien arabera, ibilgailu horiek ezingo dute espaloietan eta parkeetan zirkulatu, debekatuta dute bidaiari bat baino gehiago eramatea, eta abidura ere mugatuta dute. Patineteen zirkulazioa arautu berritan, udal biak herritarrak hezteko saiakera egiten dabiltza. Durangon, adibidez, "hasierako hileetan" zigorrik bako probaldia egongo da martxan; epe hori iraungita, isunak ipiniko dituzte: arau-hauste arinek 100 euroko isuna izango dute, eta larriek 200 eurokoa. 

Zornotzan ere lehentasunezkotzat dute herritarrei "modu argi eta pedagogikoan" ezagutaraztea ordenantza. "Informazio kanpainak egin ditugu, hainbat formatutan, eta batez ere ikastetxe eta institutuetan ipini dugu arreta, badakigulako horrelako ibilgailuen erabiltzailerik gehienak bertan biltzen direla", azaldu dute udal iturriek.

Apirilean ordenantza indarrean sartu zenetik, Zornotzako Udalak hainbat saio antolatu du ikastetxeetan, gazteenak arau berriekin ohitzeko. "Udaltzaingoak saio bereziak egin ditu ikasleekin arau nagusiak azaltzeko: gutxieneko adina, kaskoaren nahitaezko erabilera, espaloietatik ibiltzearen debekua eta abiadura muga". Udal iturriek nabarmendu dute zazpi isun ipini dituztela hile hauetan; arau-hausteak entzungailuekin zirkulatzeagaitik, ibilgailu berean lagun bik zirkulatzeagaitik, eta espaloitik zirkulatzeagaitik izan dira. "Azpimarratu gura dugu udalaren ikuspegia hezitzailea izan dela eta izango dela. Isunetatik harago, uste dugu kontzientzia sortzea eta espazio publikoan ibilgailu horien erabilera arduratsua eta segurua bultzatzea dela garrantzitsuena", azaldu dute udal iturriek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!