Otxandioko komunitatea dago aurreratuen eta eratuen. Oreka Otxandioko energia berriztagarrien komunitateak dagoeneko muntatuta dauka instalazio fotovoltaikoa, Mainondo eskolaren eta frontoiaren teilatuan. 80 etxe batuko dira bertara. "Pare bat gauza falta zaizkigu. Alde batetik, instalaziotik kontsumituko duen erabiltzaile bakoitzaren etxean aparatuak ipini behar dira, etxeko kontsumoa neurtzeko. Eta, bestetik, autokontsumo partekatua legeztatzeko prozedura abiatu dugu. Ez dakigu espediente honen tramitazioak zenbat hilabete iraungo duen; horrek baldintzatuko du dena", azaldu du Aritz Otxandiano Oreka Kontseilu Errektoreko presidenteak. Otxandianoren berbetan, 2026an zehar martxan egotea aurreikusten dute.
Elorrion 2023 hasieran aurkeztu zuten taldea, Argiñola Energia Berriztagarrien Komunitea. Hasteagaz batera, 60 bat kidek bat egin zuten proiektuagaz. Harrezkero, trantsizio ekologikorako bidean pauso garrantzitsuak ematen dabiltza Elorrion. Esaterako, 2024an energia bulegoa zabaldu zuten herriko plazan, elorriarrei euren fakturen inguruko azalpenak emateko. Zenbait hilabetez, Argiñolako kideek fakturak aztertu eta doako zerbitzua eskaini zieten herritarrei.
Orain, hasierako proiektu hori zehazten dabiltza, deliberazio prozesu batean daude. Mikel Irizar Argiñolako kideak esan duenez, hasierako proiektua zehaztea "asko kostatu" zaie eta "oraindino ere" lehenengo proiektua zehaztu barik dute, bidean hainbat traba izan dutelako. "Arrazoi teknikoengaitik da hau. 2025ean deliberazio prozesua hasi dugu eta bide interesgarri bat egiten gabiltza. Egia esan, prozesua apur bat trabatuta dago, gorabehera batzuengaitik. Hala ere, urgenteena egingarri izango den proiektu bat identifikatzea da, orain artekoek izan dituzten oztopoak izango ez dituen proiektu bat. Baita deliberazio prozesua amaitzea ere; 2050eko Elorrio, energia aldetik, beste egoera batean egon dadin" gaineratu du Irizarrek.
Elorriarren hasierako proiektuan, herriko ikastetxe bitan ipiniko ziren instalazio bi ageri ziren. Argiñolakoek ANBOTOri esan diotenez, batean ezin izan da ipini, zenbait kausa medio, eta bestea geldituta dago. Euren esperantza noizbait hori egin ahal izatea da.
Abadiñon ere, energiaren inguruko sentsibilitatea duen herritar talde bat batzen eta taldea eratzen hasi zen orain pare bat urte. Iazko martxoan taldea sortu eta bilera erronda bati ekin zioten. 30 bat lagunek kooperatibagaz bat egiteko nahia erakutsi zuten. Orain eratze prozesuan dabiltza. "Notaritzako eginbeharretan trabatuta gaude. Baina laster konpontzea espero dugu", azaldu du Txomin Fuertes taldeko kideak.
Behin kooperatiba sortuta, udaleko alderdiekin instalazioa non ipini hitzartuta dutela esan dute. "Udalak Astolan duen eraikin bateko teilatuan instalazioa ipini eta udala bera ere kooperatibaren parte izatea adostu genuen", gehitu du Fuertesek.
Durangoko taldea ere eratze prozesuan murgilduta dago. Orain urtebete pasatxo, durangar batzuk energia komunitatearen inguruan mugitzen hasi ziren. Iazko otsailean parte hartze prozesu bat abiatu zuten eta bertan Durangon zelako komunitate energetikoa gura duten zehaztu zuten. Guztira, 100 bat lagunek parte hartu zuten saioetan. "Uda ostean kooperatibari forma ematen ibili gara eta abendu hasieran komunitatearen aurkezpen publikoa egitea da gure asmoa. Behin hori eginda, bazkide kanpaina bat egin eta lantzen gabiltzan proiektua aurrera aterako dugu", adierazi du Martin Loizate Durangoko taldeko kideak.