"Kazetariak inoiz baino beharrezkoagoak gara eta adimen artifizialak gure balioa handitu dezake"

TOKIKOM 2025eko azaroaren 21a

Gaur izango diren Tokikom Sarietan, Urbano Garciak (Plasencia, Espainia, 1965) berbaldia emango du adimen artifiziala ardatz hartuta. RTVEko eta Canal Extremadurako erredakzio eta ardura postuetan eskarmentu handikoa, RTVEko alor digitaleko burua ere izan da. Agertu zenetik, adimen artifizalak, modu batera edo bestera, bizitzaren alorrik gehienetan izan du eragina, baita komunikazioan eta kazetaritzan ere. Urbano Garciak gertutik ezagutu eta jarraitu ditu horietan izaten ari den inpaktua. 

Kazetaritzan adimen artifiziala erabiltzeaz berba egiten dugunean, zertaz ari gara? 
Ez dut apokaliptikoa izan nahi, baina AA tresna edo azpiegitura berri hutsa baino gehiago da. Nire ustez, gure bizitzaren eta gure ondorengoen sistema eragilea izango da. Handinahikeria dirudien arren, nik kopilotu gisa ikusten dut; horregatik, Microsoft argi ibili zen bere adimen artifizialari Copilot izena jarri zionean. Guk ontzia gidatzen jarraitu behar dugu, giza adimen handitu batera heldu behar dugu. Ni ez nau adimen artifizialaren aurrerakadak kezkatzen, giza adimenaren atzerakadak baizik. Eta ez nau kezkatzen makinek pertsonek bezala pentsatzeak, pertsonek makinek bezala pentsatzeak baizik. Adimen artifiziala tresna bikaina da kazetariaren lan-kate osoarendako: bilaketatik eta dokumentaziotik hasi eta edukien sortze eta horien banaketaraino. Orain ez askora arte, kazetariaren lana bukatzen zen irrati-kronika bat, telebistarako erreportaje bat edo prentsako artikulu bat argitaratzen zenean; orain, gure lana orduan hasten dela esango nuke. Audientziari zor diogu gure lana, intereseko komunitatea bihurtuko dugun audientziari. Adimen artifizialak horretan ere lagunduko digu, baina, betiere, gure lagun moduan: gizonaren zein emakumearen sormenari makinaren gaitasuna gehituta. Ziur nago produktu eta emaitza hobeak lortuko ditugula horrela. 

Zer aldaketa ari dira ikusten jada erredakzioetan?
Kezkatzen nauena aldaketekiko kazetariok erakutsi ohi dugun erresistentzia da; horretarako makina perfektuak gara. Ni ez nau aldaketak kezkatzen, baizik eta hori gertatzen ari den abiadurak. Adimen artifizialak dena zipriztintzen du. Duela urte asko mekanografia jakiteak balio erantsia ematen zion gure curriculumari; gero, Word edo Excel bezalako tresnak menderatzeak. Aurrerantzean, AA erabiltzen jakitea ez da plus bat izango, baldintza bat baizik. Arazoa da ez dugula ondo kontatzen zer den AA. Jendeak robot humanoide bat bezala imajinatzen du, erabakiak bere kabuz hartzen dituena eta gizakia baino gehiago dena; alde horretatik, ez gabiltza zuzen. Esan ohi dut jendearen % 90ek ez dakiela zer den adimen artifiziala, eta gainerako % 10aren artean hamarretik zortzik Google bilatzailea bezala erabiltzen duela, eta ez egiten ari garen horretan lagundu diezagukeen zerbait moduan. Baina ez naiz alde positiboa bakarrik saltzen ari, badu azaldu behar den alde negatiboa ere. Egin den lehen ikerketa zientifikoak erakutsi du ikasleen artean gehiegi erabiltzeak euren garuna itzaltzen duela. Zor kognitibo bat eragiten ari gara, adimen artifizialari ematen diogulako lehen gizakiena bakarrik zen zerbait. Adibide bat jartzearren, 2024an AAren erabilera nagusia informazioaren bilaketa izan zen; 2025ean babes psikologikoa izan da. ChatGPTk 850.000.000 erabiltzaile ditu egunean, eta milioi batek nola autolesionatu edo nola suizidatu galdetzen dio.

Zer onura ekar diezaioke kazetaritzari?
Lehen esan bezala, prozesu guztietan lagundu dezake. Esaterako, datu-base erraldoi bati aurre egin behar diogunean, elkarreragin on batekin, adimen artifizialari argibideak emanez, gure lana ordu askotatik minutu batzuetara pasa dezake. Nik beti esan ohi diet lankideei hasierako ideia paperarekin eta boligrafoarekin lantzeko, eta gero erabiltzeko adimen artifiziala; ez uzteko lan guztia haren gain. Irudiak sortzen edo bideoekin ere lagundu dezake, baita egiaztapenean ere. Jendeak esaten du AAk fake news-ak sortzen dituela, baina fake-news-ak beti egon izan dira; are gehiago, AAren haluzinazioa, zerbait ez dakienean asmatzen duen informazioa, asko jaitsi da. Gure lanak aurkezteko orduan ere asko lagundu dezake; niri, pertsonalki, aukera eman dit proiektuak beste formatu batzuetan sortzeko: komiki moduan, audio-liburu moduan, Youtube... Istorioetan zentratuta egoteko aukera berriak ematen dizkigu, istorio horiei oihartzun emozionala emateko. Gure kazetaritza sormenaren indartzaile bat da. 

Eta zeintzuk dira kazetaritzarendako arriskuak?
Oso handiak. Ni neuk, zenbat eta sakonago sartu AAn, orduan eta serioago hartzen ditut alderdi juridikotik etikora edo moralera doazen arrisku horiek. Baina ezin gara horiek argitzeari zain egon adimen artifiziala ezartzen joateko. Ahotsen klonazioa, esaterako: galdera ez da: "Klonatuko zaituzte?". Baizik eta: "Noiz?". Joerekin lotutako arriskua ere badago; baina gizakiok ere baditugu joerak; esaterako, informazio bat lantzeko orduan datu batzuk beste batzuen partez aukeratzen ditugunean. Jabetza eskubideekin zerikusia duten arriskuak ere badaude. Baina hori guztia esanda, ezin dugu gauden egoeran egon: Ameriketako Estatu Batuak sortzen ari dira; Txina, kopiatzen; eta Europa, arautzen bakarrik. Hedabideoi dagokigunez, guztiok ere lasterketaren hasierako puntu berean gaude, baina batzuek adimen artifizialaren botoi gorria sakatuko dute eta beste batzuek ez; sakatzen ez duten horiek atzean geratuko dira. Era berean, fake news-en kontua dago eta gure lanbidea apur bat zatartu egingo da, beste batzuek sortutako edukia egiaztatzeko lana ikaragarri handituko delako. Intrusismoa areagotuko duen? Alde batetik bai, baina, beste alde batetik, adimen artifizialari etekina aterako diotenak prestakuntza profesionala dugunok izango gara, kalitatezkoa dena eta ez dena, egia eta gezurra ezberdintzeko gai garenok. Dena den, fake news-en kontu horrekin guztiarekin, dagoeneko gauza ez da egia eta gezurra ezberdintzea, egia dena eta egiazkoa dirudiena ezberdintzea baizik: erreala dirudiena eta erreala dena, eta erreala dirudiena baina ez dena. Kazetariok ezbaian gauden arren, gure lana edozeinek egin dezakeela dirudien arren, inoiz baino beharrezkoagoak gara eta adimen artifizialak gure balioa handitu dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!