Komikigile bakoitzak esleitu zioten herrian sormen egonaldia egin ostean, zazpi ataleko lana ondu dute; zazpi estilo eta kontaera oso ezberdinetan, Euskal Herriko hainbat tokitako kontakizunak elkarlotu dituzte lan bakarrean. Usue Egiak Zeruaren erdian kontakizuna ondu du Legorretan (Gipuzkoa); bi hegaztiren bidez herrietako genero-disidentzien bizipenak plazaratu ditu lanean. Eñaut Aiartzaguena iurretarrak, bestalde, Ataunen eta Etxarri-Aranatzen egon da, eta 1936ko estraperloari buruzko kontakizuna landu du Legez kanpo komikian.
Bilduma azaroaren 21ean eta 22an Hernanikomik azokan egongo da salgai, eta Durangoko Azokan ere egongo da eskuragarri. Horrez gain, abenduaren 5ean ekitaldia egingo dute Durangoko Museoan Geuretik Sortuakek hirugarren edizioaren aurkezpen osatu bat egiteko.