Mankomunitateak kreditu aldaketa bat egingo du Gizarte Larrialdietarako Laguntzen diru-atala handitzeko. 878.114 euroan handituko dute poltsa, eta Eusko Jaurlaritzak lehendik emandako 1.021.403 euroetara batuko dute kopuru hori. Hau da: 1,9 euro erabiliko dituzte guztira, larrialdi laguntzak banatzeko.
Mankomunitateak arrazoitu duenez, azken urteetan "etengabe" hazi dira Laguntza Sozialen "eskaerak eta gastua", eta horrek txiki utzi du orain arteko aurrekontua. Hori dela eta, poltsa handitzeko erabakia hartu zuten atzoko osoko bilkuran, "EH Bilduren, Garaiko Herri Taldearen eta Abadiñoko Independenteen aldeko botoarekin eta EAJren aurkako botoarekin". Halaber, urtea 800 laguntza eskatzailegaz eta 1,9 milioi euroko aurrekontuagaz zarratzea aurreikusi dute.
Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako baliabide ekonomikoak "ez dira nahikoak" laguntza guztiei erantzuteko, eta, horren ondorioz, "udalek eta Mankomunitateek hartu behar izaten dute gainontzeko kudeaketa eta finantzaketa zama".
EH Bilduren kritika EAJri
EH Bilduk ohar bat plazaratu du atzoko osoko bilkuraren harira. EAJ kritikatu du, horrek larrialdietarako laguntzen "kontra" bozkatu duelako: "Gogor salatzen dugu gertaera eta EAJren posizio hori, eta garbi adierazi nahi diogu Durangaldeko jendarteari EAJgatik balitz eskualdean behar handiak dituzten pertsonak larrialdietarako laguntza gabe egongo liratekeela gaur gaurkoz", adierazi dute subiranistek hedabideetara helarazitako oharrean. "Eskumako politiketan eta jarreretan" kokatzea egotzi diete jeltzaleei. Halaber, "gutxien duten pertsonen eskubideekiko konpromisoa" adierazi du EH Bilduk.
Laguntzak "mugarik eta lehentasunik barik", EAJren berbetan
EAJk bere botoaren norabidea azaldu du ohar batean. "Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, mugarik eta lehentasunik gabe" igo direla esan du, eta horren eraginez "arriskuan" ipini dela Mankomunitatearen "finantza egonkortasuna". Jeltzaleen esanetan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei egindako ekarpena 5,8 biderkatu da 2020tik (150.000 euro urte hartan; 878.000 orain), eta progresio horrek ekarri du finantza "arriskua" erakundera, "kontu hartzaileak txosten guztietan ohartarazi duen bezala".
EAJren berbetan, gobernu taldeak "ez du azterketarik egin", ezta "egoera birpentsatzeko hausnarketa partekaturik" plazaratu. Eta arrazoi horregatik eman dute kontrako botoa, "informazio, analisi eta hausnarketa partekaturik ez dagoelako", hain zuzen ere. Era berean, honako hau esan dute: "EAJk ez du bozkatu Gizarte Larrialdi Laguntzen aurka". Halaber, egoeraren "azterketa sakona" egitea eskatu du.
Bestalde, Mankomunitateko EAJk beste kritika bi helarazi dizkio gobernu taldeari. Diotenez, genero indarkeriaren biktimak "laguntza juridiko eta psikologikorik barik" daude urritik, eta erakundeko langileen kudeaketan "hutsune nabariak" dauela gaineratu dute. Mankomunitatearen "noraezarekin kezkatuta" daugoela esan du EAJk.