"Izan Inurri babesgune bat da"

Maialen Zuazubiskar 2025eko azaroaren 14a

Garazi Sampedro eta Arrate Igarza herrikideak dira, lagunak. Baina orain ez ditu laguntasun horrek batu, Durango Kirol Taldeak antolatzen duen Emakumeen Lasterketak baino. Azaroaren 23an izango da. Aurten, izen emateetan jasoriko diruaren zati bat minbizia duten emakumeek osaturiko Izan Inurri elkarteari ematea erabaki du Durango Kirol Taldeak. Igarza inurri horietariko bat da. "Minbizia duten emakumeek, emakume izate hutsagaitik indarkeria mota ezberdinak pairatzen dituzte, eta aurten horri ere eman gura diogu ikusgarritasuna", azaldu dute.

Hasteko eta behin, egun batzuk baino ez dira falta aurtengo Emakumeen Lasterketarako. Garazi, imajinatzen dut azken prestaketekin buru-belarri ibiliko zaretela.
Garazi Sampedro: Aste batzuk dira antolakuntzan hasi ginenetik, eta azken kontuak lotzen gabiltza, baina dagoeneko dena martxan da. 

Aurten, inskripzioetako diruaren zati bat Izan Inurri elkarteari emango diozue. Ez dakienarentzat, Arrate, zer da Izan Inurri?
Arrate Igarza: Izan Inurri Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok sortu zuten, 2019an, minbizia pasatu dugun edo pasatzen dabiltzan pertsonen artean dauden hutsuneak betetzeko. Osasun sisteman hainbat hutsune dago, eta, gainera, minbizia oraindino ere tabua da. Hutsune horiei ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik erantzuteko sortu zen taldea. Baita minbizia zuzenean edo zeharka jasaten duten herritarrei laguntzeko ere. 

Zuk zelan ezagutu zenuen Inurri?
A.I.: 2023an odoleko minbizi mota bat diagnostikatu zidaten, Hodgkinen linfoma. Kolpe gogorra izan zen. Prozesu gogor bati ekin nion. Tratamendua irailean amaitzen nuen eta uda horretan Izan Inurri taldea ezagutzeko aukera izan nuen, sare sozialen bitartez eta "zer da hau?" etorri zitzaidan burura. Kasualitate bat izan zen eta eurekin hartu-emanean jarri nintzen. Harrezkero inurri naiz. Niretzat Izan Inurri ezagutzea ederra izan zen; azken batean, bizipen gogor antzeratsuak dituztenek hobeto elkar ulertzen dute. Inguruan lagunak, familiakoak eta gertukoak badituzu ere, prozesuan bakardade handia sentitu dezakezu. Minbizia bizitzen dabilenari eta inguruan kasuren bat duenari Izan Inurrira joateko gonbita egiten diot. Akonpainamendu ederra da eta babestuta sentituko da. 

Horrelako momentu gogor batean Inurrik eskaintzen duen akonpainamendua funtsezkoa izango da. 
A.I.: Inurri babesgune bat da minbizia gertutik bizi dugun pertsonontzat; gainera, elkarteari eskerrak sare bat eratzen da. Azken batean, hizkuntza berean berba egiten dugu, nahiz eta minbizi diferenteak edo prozesu guztiz diferenteak bizi izan. Gauza askotan, sentipen beretsuak bizi izaten ditugu. Prozesuak gogorrak dira, diagnostikoa esaten dizuten momentutik edo proben emaitzak itxaroten zauden une horretatik, zer duzun ere ez dakizunean.

Zer antolatzen du Izan Inurrik?
A.I.: Izan Inurrik hainbat gauza antolatzen du; besteak beste, berbaldiak, tabu asko apurtzen duten bertso saioak, eta erretiroak minbizia pasatu dutenentzat. Orain, gainera, talde terapiekin ere hasi gara Ainara Urdanpilleta psikologoagaz. Horrez gainera, elkarteak sare sozialetan ere badu presentzia, eta Usurbilen lokala du. Eta, lehen aipatu dudan moduan, elkartea osasun sistemak dituen hutsuneak betetzen dabil.  

Bere txikitasunetik, DKTk elkartasun keinu polit bat egin eta Emakumeen Lasterketan jasoriko diruaren zati bat dohaintzan emango du. Zelan bururatu zitzaizuen ideia, Garazi?
G.S.: Elkartasunetik sorturiko ideia da. Lasterketa kausa baten aterkipean egiten dugu eta ikusi genuen Izan Inurriren filosofiak gure lasterketagaz bat egiten duela. Gainera, ikusten genuen korrika egiteak edo kirola egiten hasteak, onura fisikoez gainera osasun mentalean ere eragin positiboa ekartzen duela. Eta, jakina, gure lasterketan edozein emakumerentzat dago lekua. Beharbada batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari ea zer erlazio duen minbiziak emakumeen aurkako indarkeriagaz. Badaude loturak. Minbizia duten emakumeek, emakume izate hutsagaitik indarkeria mota desberdinak pairatzen dituzte, eta, horregaitik, aurten horri ere eman gura diogu ikusgarritasuna.

Aldarrikapenetik asko duen arren, Emakumearen Lasterketak emakumeak kalera irten eta kirola eginez jai giroan ibiltzea ere badu helburu.
G.S.: Aldarrikapenak egiteko eta ondo pasatzeko egun bat da. Beti esaten dudan moduan, lasterketak ahalduntzeko balio behar du. Emakumeen Lasterketaren aitzakiagaz emakumeren bat kirola egiten hasten bada, bikain. Eta urte barruan kirolagaz duen zita bakarra bada ere, orduan ere bikain. Emakume guztiak dira ongi etorriak. 

Eta zuek ikusiko zaituztegu azaroaren 23an Durangoko kaleetan korrika?
G.S.: Niri lan egitea tokatzen zait. Mikrofonoagaz giroa sortzea izango da nire eginbeharra. Baina ikusi dut Arratek dagoeneko eman duela izena (barrez).
A.I.: Eman dut, bai, eta inguruan ere banabil zabaltzen familiakoen, lagunen eta elkartekoen artean. Izan Inurrin denerik dago; batzuek korrika egin dezakete, beste batzuek ez. Baina batzuek esan dute etorriko direla. 
G.S.: Emakume guztiak animatu daitezela, ondo pasako dugu eta. Hori seguru!

Amaitzeko, aurten gainera lasterketa nobedadeekin dator.
G.S.: Aurten Landakoko atletismo pistan hasi eta amaituko da. Lasterketak ibilbide berria izango du. Kilometroei dagokienez, aurreko urteetan ez zen 5 kilometrora heltzen, baina aurten borobildu egin dugu distantzia. Justu 5 kilometro izango ditu. Gainera, modu horretara atletismo pista publiko zabalari gerturatu gura diogu. Atletismo pista Durangon aparte geratzen den leku bat da askoren ustez. Eta herritarrei esan gura diegu hau denentzat dagoela zabalik, eta ez dela zertan atleta izan pista erabiltzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!