Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Erabakita geratu dira finalaurrekoen bigarren bueltako saioak

A. M. 2025eko azaroaren 10a

Barakaldoko saioaren ostean, erabakita geratu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken fasera pasatu diren hamabi bertsolarien zerrenda. Aitor Bizkarra eta Txaber Altube abadiñarrek eta Gorka Pagonabarraga durangarrak bertan egingo dute bertsotan, finalerako txartela lortzeko asmoz.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen azken saioa izan da asteburuan, eta horrenbestez, hauek dira finalaurrekoen bigarren eta azken fasera sailkatu diren hamabi bertsolariak: Aitor Bizkarra, Aitor Etxeberriazarraga, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Imanol Uria, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga, Unai Mendiburu, Aissa Intxausti eta Ibai Amillategi. 

Xabat Galletebeitiak batu zuen puntu gehien Barakaldoko saioan, 653 puntu, hain zuzen ere. Durangaldeko Bertso Eskolako kidea den Irune Basagoitik seigarren amaitu zuen saio berean. 

Finalaurrekoak, Bermeon eta Markina-Xemeinen

Bigarren bueltako bi finalaurrekoak horrela geratu dira osatuta: azaroaren 15ean Bermeoko Artza frontoian egongo dira Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita, Unai Mendiburu eta Aitor Bizkarra abadiñarra. Bigarren saioa azaroaren 22an izango da, Markina-Xemeingo Uni frontoian; bertan abestuko dute Imanol Uria, Jone Uria, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga durangarra eta Txaber Altube abadiñarra. 17:00etan hasiko dira saio biak. Bi saio horietan erabakiko da zein zortzi bertsolarik lortuko duten finalerako txartela. 

Finala abenduaren 20an izango da, Bilbon. Saio guztietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!