Euskal Prospekzio Taldeko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek gorpuzki baten deshobiratzea egin dute gaur goizean Saibigaineko inguruetan, Espainiako Gerra Zibilari lotutako hobi batean.
Lan hauek duela hiru urte abiatu ziren, orduan hiru gorpuzki aterata. Orduan aurreratu zuten beste bi geratzen zirela egiteko eta gaur egin dute lehenengoa beharrezko baimenak lortuta. Deshobiraketa biak gaur egitea zen asmoa, baina hobiaren tamainagatik eta kendu behar izan duten lur kopuruagatik beste baterako utzi dute bigarrena.
Orain, gaur ateratako hezurrak norenak diren identifikatzeari ekingo diote, egitasmo honen azken helburua gorpuzkiari izen-abizenak jartzea eta bere senideei itzultzea delako. DNA laginak ateratzea "zaila" izango dela dio Euskal Prospekzio Taldeko Eneko Madariagak, baina gaurko indusketan identifikazioa erraztu dezakeen bide berri bat ireki zaie. "Identifikazio txapa bat aurkitu dugu eta zenbakia argi ikusten da", azaldu du Madariagak.
Saibigaineko hobi hau gurutzearen azpialdean dago, Mañarira doan aldapako leungune txiki batean. Bere sasoian aluminiozko plater bat topatu zuten bertan, 50 zentimetro inguruko sakoneran. Plater horren ondoan harri multzo bat agertu zen, eta haiek kenduta lehen buruhezurra azaldu zen; horrek eman zion hasiera ondorengo ikerketa eta deshobiratze prozesuari.
(Argazkiak: Euskal Prospekzio Taldea)