Eskualdeko kirolariak erreferente kickboxing eta muay thai modalitateetan

Anboto 2025eko urriaren 30a

Ezkerretik hasita: Juniorren eta umeen entrenatzaile diren Leire Leon eta Marina Valverde; Sune Larrea eta K1eko teknikaria den Dani Nuñez. Erdian, Mikel Lopez Abalanzabalegi.

Mallabiko gala Euskadiko federazioko sari banaketa egiteko baliatu zuten.

Mallabiko pilotalekuan Kickboxing Gaua antolatu zuten joan zen barikuan. Euskadiko federazioak ekimen hori baliatu zuen denboraldiko sari banaketa egiteko. Mailaz maila eta modalitatez modalitate, urteko kirolari onenak sari zituzten eta eskualdeko hainbat daude tartean.

Indar Xsport klubeko Sune Larrea elorriarrak ranking orokorreko kirolari onenaren saria jaso zuen bere mailan. Mikel Lopez Abalanzabalegik hiru garaikur jaso zituen bere adin tartean: ranking  orokorreko kirolari onenarena, 24/25 denboraldiko txapeldunarena eta Euskadiko kickboxing txapelketako kirolari onenarena. Horrez gainera, Indar Xsportek hiru sari jaso zituen klub moduan: Euskadiko Basque Country ranking orokorreko klub txapeldunarena, Basque Country ranking denboraldiko txapeldunarena eta Euskadiko Kickboxing txapelketako klub onenarena.

Mallabiko galari dagokionez, Euskadiko eta Portugalgo selekzioen arteko borrokaldi nagusian, Abadiñoko Fexmack klubeko Ilias Rebroub-ek K.O. bidez irabazi zuen bere borrokaldia Joao B. portugaldarraren aurka. Gainera, Fexmack klubeko Ilias Rebroub, Jasmina Rebroub eta Yeray Escabiasek Euskadiko federazioko garaikurrak jaso zituzten, bakoitzak bere mailan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!