"Etxean heriotzaz berba egiteko baliagarria da agiria"

Aritz Maldonado 2025ko urr. 28a, 10:53

Iñaki Intxausti, Zelaietako anbulatorioaren kanpoaldean.

Iñaki Intxausti medikuak berbaldiak ematen ditu Aurretiazko Borondateen Agiriaren nondik norakoak azaltzeko. Jendeak heriotzaz berba egitea garrantzitsua da, gaia naturalizatzeko. "Dokumentua ezagutaraztea eta betetzea da hitzaldi hauen helburua, oso baliagarria delako denontzat". Eguenean, Atxondoko eskola zaharretan eman zuen berbaldia. 

Zer zehazten du Aurretiazko Borondateen Dokumentuak?
Funtsean, norbera bere kabuz erabakitzeko gai ez denean zer egin eta zelan egin zehazten duen dokumentua da. Idatzita dagoenez, bertan ipintzen duena betetzea baino ez da geratzen. Hori da oinarria. Gero agiri barruan gauza asko zehaztu daiteke. Azalpen guztiak hitzaldian ematen ditugu, eta gero etxekoekin gogoeta egin eta gero erabakitzen dute dokumentu hori bete edo ez.

Jendeak zer kezka izaten du?
Gure helburua informazioa ematea da, eta, zelanbait, kontzientziak astintzea, hitzaldira datozenek gogoeta egin dezaten. Dokumentua zer den, zer puntu dituen eta zelan betetzen den azaltzen dugu. Etxean heriotzari buruz berba egiten hasteko modu bat da, hurrekoen heriotzari buruz, batez ere. Dena dela, agiria betetzea norberaren aukera da, bete eta Gasteizera bidaltzea, edo batzar informatibo soil bat izatea. 

Garrantzitsua da heriotzari buruz berba egitea.
Jakina. Jendeak normalean ez du gai honi buruz berba egin gura, senide baten heriotzaz berba egitea mingarria izan daitekeelako. Eta mingarria da, jakina, baina guztiz erreala, eta lehenago edo geroago gertatuko dena. Gaia zenbat eta gehiago normaldu eta horri buruz zenbat eta gehiago berba egin, errazago egingo da. Norberak ariketa hori egitea da lehenengo pausoa. Gaztea zarenean ez duzu horretan pentsatzen, hazten zoaz eta ez duzu pentsatzen. Inguruak ere ez du laguntzen hausnarketa hori egiteko. Zer pentsatu behar dugu: 'Inoiz hilko naiz, baina zelan hil gura dut?'. Horixe da lehenengo pausoa. Behin hausnarketa hori eginda, hurrengo pausoa hori partekatzea da, eta hori, batez ere, gertukoekin egiten dugu, senide zein lagunekin. Eta gero, dokumentuak berak zehazten du zelan gauzatu hori. Adibidez, kimioterapia tratamendu bat hartu edo ez erabaki dezakezu, edo erreanimazio teknikarik ez jasotzea, edo zure gorpua zientziari dohaintzan ematea, organo emailea izatea, asistentzia erlijiosoa jaso gura duzun edo ez, eta hau oso garrantzitsua da, sedazioa jaso gura duzun edo ez. Hori guzti hori erabakita utzi dezakezu. Hori idatzita utziz gero, zure ingurukoak ez dituzu derrigortuko erabaki hori hartu behar izatera. Horrek gatazka asko ekidin dezake. Beharbada, norberak idea bat du, baina albokoak ez du zertan berdin pentsatu, eta gatazkak sortzen dira hor. Behin erabakita, ez dago gatazkarik, erabakitako horri jarraitzea baino ez da geratzen. Ingurukoei karga handi bat kentzen zaie horrela, eta hori azaltzen da. Horrek harritzen du jendea gehien, norberak gura duena egingo duela planteatzeak, baita jendea ez duzula egoera korapilotsu batean sartuko. Hori ere oso lasaigarria da familientzat.

Oso praktikoa da profesional zein familientzat.
Alde batetik, medikuaren eta pazientearen arteko konfiantza sendotzen du, gai arantzatsu bati buruz berba egiten delako, eta, beste alde batetik, gerokoa errazten du, medikuak dokumentua esku artean edukita ez duelako inolako dudarik-edo izango. Dena errazago egingo duzu, eta lasaiago gainera, pazienteak gura zuena egin duzulako. Horixe da garrantzitsuena, eta familiak ezer erabaki behar ez izatea ere. Modu horretan, konpainia egitea da egin beharreko bakarra.

Zer jende joaten da berbaldietara?
Berbaldiak edozein herritarrentzat dira. Arlo bi daude hemen; alde batetik, Osakidetzak egiten dituen deialdiak. Horiek bi-hiru hilean behin egiten ditugu, Matienan edo Zelaietan. Berrizen eta Elorrion ere egin izan ditugu, baina gehienak hemen egiten ditugu. Etortzen diren gehienak 50-60 urtetik gorakoak izaten dira, eta, batez ere, emakumeak. Erdiak baino gehiago izaten dira ia beti. 40 urtetik beherakoren bat ere agertu izan da inoiz, baina oso gutxi. Bestalde, Nagusien Etxeko deialdiak egoten dira. Hainbat berbaldi eman dut azken sasoian, Berrizen orain dela gutxi, Atxondon, Abadiñoko Nagusien egoitzan... Horrek ez du zerikusirik Osakidetzagaz, baina guk herritar guztiei eskaintzen dizkiegu. Zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta galdera gehiago egoten da, eta horrek piztu egiten ditu hausnarketa eta solasaldia. Horra ere jende nagusiagoa etortzen da normalean.

Amaitzeko, azken kontu bat argitu gura nuke. Askok Aurretiazko Borondateen Dokumentua eta eutanasia nahasten dituzte. Gure dokumentuko atal bat eutanasiari buruzkoa da. Halako kasu batean, pazientea erabakitzeko gai ez bada eta baldintzak betetzen badira, ea eutanasia gura duen zehazten da. Horrek duda asko sortzen dio jendeari, ez dituelako borondateen dokumentua eta eutanasia bereizten. Berbaldietan ondo azaltzen dugu zer den bakoitza eta ez dutela zerikusirik.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!