"Hareatzan eta uretan etzanda lortu nuen irudia"

Aitziber Basauri 2025ko urr. 18a, 10:30

Asier Lopezek (Bilbo, 1985) beti izan du argazkilaritzarako zaletasuna, eta azken urteetan animalien argazkigintzan sakondu du (@asierlopez_natura). ANBOTOk antolatu duen udako argazki lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi du Durangaldetik kanpoko kategorian, Costa Rican ateratako 'Ur-izar' argazkiagaz. 

Sorpresagaz hartu duzu saria.
Bai. Hainbat bider parte hartu dut, beste argazki mota batzuekin. Ohitura bihurtu da. Baina, orain, kosta pazifikoko Uvita herrian egindako argazkiak aurkeztu nituen. Itsasbeheran sortutako putzuetara jaisten dira limoetako hegaztiak jatera, eta orduan ateratako argazkia da.

Hegaztiak eta animaliak erretratatzea gustatzen zaizu.
Txikitatik naturak asko erakarri nau orokorrean; bereziki, animalien munduak. Naturagazko pasio hori argazkilaritzagaz uztartzeak aukera eman dit ingurumena eta animalien portaera hobeto ezagutzeko, naturaren ezagutzan sakontzeko. Bide horretan, lagunak egin ditut, tailerretan parte hartu dut eta nire argazkiak sareetan erakusten hasi naiz. Dena dela, beste argazkilariekin hartu-emana eta bizipenak izatea eta leku berriak ezagutzea dut gogokoen. Beste era bateko argazkiak ere egiten ditut, baina neuretzat gordetzen ditut.  

Gatx da animaliei argazkiak egitea?
Hiru gauza behar dira: zorte apur bat, pazientzia handia eta egunero ahalegintzea. Hegazti hauetariko batzuk asko bildurtzen dira. Beraz, apurka hurreratu behar da. Denbora eman behar zaie, konfiantza hartzeko. Argazkia animaliaren altueran ipinita atera behar da, gainera. Pentsa zelan atera nuen, hareatzan eta uretan etzanda!

Zenbat denbora behar izan zenuen?
Ordubete eskas; ez da asko. Baina hondartzan 3-4 orduan egon nintzen hegaztien portaera, eta hondartzaren eta marearen egoera behatzen. Gainera, txoriak txikiak dira, askotan ez daude bistan. Inoiz dena ondo suertatu arren, ez da ohikoena. Egun batean, bestean, hurrengoan... ahalegindu behar da. Bakoitzaren exijentzia maila ere hor dago. Denbora behar da, baina disfrutatutako denbora da. 

Espreski argazkiak ateratzera joan zara Costa Ricara.
Bai. Nahiko argi neukan gura nuena, eta asko mugitu nintzen bertan: Karibean, oihan tropikalean... ibili nintzen. Hala ere, Euskal Herrian eta penintsulan ere hainbat lekutan ibili naiz. Azaroan Gallocanta urmaelera (Aragoi) joango naiz, paisaia eta kurrilo saldoak erretatatzera, eta abenduan Camargara (Frantzia), flamenkoak ikustera.

Zein da zure helburua?
Gozatzea. Hortik aurrera, animaliak ezagutzea eta argazkigintzan hobetzea. Animalien portaera islatu gura dut, inguruko espezieak ezagutarazi. Argazki artistikoa ere landu gura nuke.

Atera gura zenukeen argazki bat?
Badaude ezagutu gura nituzkeen tokiak, klima aldaketagaitik galtzear daudenak. Hartz polarrak eta azeri artikoak dauden Norvegiako alde hori, adibidez. Hainbeste leku izanda, gatx da bat aukeratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!