Palestinako genozidioa salatzeko lanuzteak bihar Durangaldean

Ekaitz Herrera / Aritz Maldonado 2025ko urr. 14a, 18:20

Palestinaren aldeko kontzentrazioa Berrizen.

Beharginak, sindikatuak, ikasleak zen irakasleak. Eta berdin-berdin fabrikak, ikastetxeak, egoitzak zein administrazio publikoa. Bihar, urriak 15, Palestinaren aldeko lanuzte orokorrak antolatu dituzte Hego Euskal Herrian. Durangaldean ere hainbat deialdi egin dute hala sindikatuek, nola Palestinaren aldeko eragileek.

Hego Euskal Herriko sindikatuek lanuzteak egingo dituzte bihar, Israel Palestinako herriaren kontra egiten dabilen genozidioa salatzeko. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek lanuzte partzialak egingo dituzte urriaren 15ean, Israelen "etenik bako kolonizazioa salatzeko" eta Euskal Herriko zein nazioarteko erakundeei "hartu-eman komertzialak etetea" eskatzeko. 11:00etatik aurrera egingo dituzte lanuzteak. Horrez gainera, LABek eta Steilasek egun osoko lanuztera deitu dute hezkuntza arloan.

ELAk ere Israelen genozidioa salatuko du, eta estatu haren kontrako neurri politiko eta ekonomikoak hartzea eskatuko die enpresei eta instituzio publikoei. Duela egun gutxi  Durangon egin zuten mobilizazioa: "Israeli ezin zaio ezer erosi edo saldu; boikotak izan behar du palestinarren aurkako genozidioa geldiarazteko tresna nagusia", azaldu zuten. Izan ere, "langileriaren euro bat ere ezin da Israelen interesen mesedetan erabili", ELAren iritziz. Eta gaineratu zuten: "Israeli ez diote ezer erosi edo saldu behar, ez gobernuek, ez enpresek". ELAk CIG eta Intersindical sindikatuekin batera egingo du lanuztea, bai Euskal Herrian eta baita Galizian eta Katalunian ere. Lurralde horietan Madrilen baino aldarrikapen "zorrotzagoak eta eraginkorragoak" egiten direla esan du ELAk. Sindikatu horrek ere 11:00etan egingo ditu lanuzteak. 

ANBOTOk bat egin du lanuzteagaz, eta zerbitzu minimoak eskainiko ditu 11:00etatik 14:00etara. Lanuztearen jarraipena egingo du ordu tarte horretan. 

Deialdiak:

11:00etan, deialdiak lantoki atarietan

Lantoki guztietako beharginak, izan fabriketakoak, ikastetxeetakoak, administrazioetakoak ala beste mota batekoak, lantokien aurrean batzera deituta daude. Besteak beste, Atxondo biribilgunean, Gestamp parean, Rothenberger alboko biribilgunean, Durangoko Bruss parean, Berrizko Industrial Gol-eko biribilgunean edota Zornotzako Aludiunen egingo dituzte elkarretaratzeak.

12:30

  • 12:30ean, ELA sindikatuak kontzentrazioa egingo du Durangoko Ezkurdin.

19:30ean, kontzentrazioak herririk herri

  • Durango, udaletxe aurrean burrunba
  • Iurretan, kontzentrazio zaratatsua Askondon
  • Elorrion, kontzentrazioa herriko plazan
  • Zaldibarren, kontzentrazio zaratatsua udaletxearen aurrean
  • Atxondon, herriko plazan
  • Abadiñon, kontzentrazio zaratatsua Trañabarren etorbidean
  • Zornotzan, kazerolada herriko plazan
  • Mallabian, udaletxe aurrean burrunba (18:30)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!