Futbol amerikarra Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan jokatzen da gehienbat, baina muga horietatik kanpora ere zale ugari du, baita Euskal Herrian ere. Horren erakusle da NFL Euskaraz taldea, futbol amerikarreko aktualitatea, albisteak, partiduak zein zurrumurruak euskaraz komentatzeko sarea. Euskal Herriko 50 bat lagun daude komunitate horretan batuta, eta euretariko bost eskualdekoak dira. "Talde informal eta zabala gara. Futbol amerikarra maite dugun euskaldunak gara denok, eta sarean komentatzen ditugu kirol horretako aktualitatea zein bakoitzaren iritziak", azaldu du Egoitz Etxeandia zornotzarrak. Bera da taldeko kide eta bultzatzaileetariko bat. "Badakigu kirol honek geroago eta jarraitzaile eta freaky gehiago duela Euskal Herrian. Hori dela eta, taldea zabaldu gura dugu. Ederra da frikikeria hori era zabalean komentatzea eta elkar ezagutzen ez dugun euskaldunok pasio honen barruan antolatzea", azpimarratu du. Interesdunek NFL euskaraz Telegram kontuan bat egin dezakete komunitateagaz. X sarean ere badute kontua.
Taldean, aurrez aurreko hitzorduak ere egiten dituzte. Zornotzan egin dituzte batzuk, baita Donostiako elkarte gastronomikoetan ere. "Laster Madrilera ere joango gara, Santiago Bernabeu estadioak NFL ligako partidu bat hartuko du-eta azaroan. Zortzi kide goaz, asteburu-pasa. Aurrez aurreko hitzordu gehiago ere antolatu gura dute.