"Estatu bien irtenbidea inperialismoaren ipuina da"

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 10a, 09:30

Madrilen jaio zen, 1990ean, eta palestinarren exilioko bigarren belaunaldiko kidea da. Baina Gazan ditu zuztarrak, han dituelako bihotza eta familia. Gaur egun Euskal Herrian bizi da, bost urte daramatza hemen, eta, abokatua izateaz gainera, Ateneo Palestinoko kidea da. Diasporan bizi diren palestinarrek osatzen dute elkarte hori, eta antiinperialismoa, feminismoa, antikolonialismoa zein antisionismoa dituzte oinarri. Taher Alik berbaldiak ematen ditu Euskal Herriko luze-zabalean, Palestinan gertatzen dabilena argitzen laguntzeko. Joan zen astean Abadiñoko Gaztañodi elkarte gastronomikoan eman zuen berbaldia, Isiotu kultur elkartearen aterkipean. 

Urte bi joan dira Israelek Gazaren kontrako erasoaldiak modu nabarmenean gogortu zituenetik eta genozidioari izen-abizenak ipini zitzaizkionetik. Ordutik hona, egon da Palestinaz akordatu ez zaren egunik?
Ez, Palestina nire izatearen barruan dagoelako. Egia da bizitzan zehar desberdin bizi izan dudala gertatzen zebilena, baina 2008ko Berun Urtua operazioaren ondoren, nire izate palestinarrak nire bizitzaren kontrol osoa hartu zuen. Gainera, kezka identitarioaz gainera, azken urte bietan kezka familiarrak ere gailendu zaizkit, familia daukat-eta Gazan. Familiako kideak galdu ditut urte bi hauetan, eta kezka konstantea bizi dut. 

Une honetan, beraz, familia daukazu Gazan.
Bai. Osaba-izekoak ditut, lehengusu-lehengusinak, eta baita horien seme-alabak ere. Familia palestinarrak oso familia handiak gara.

Eta zer moduz daude? Baduzu kontakturik eurekin?
Hartu-emanak oso-oso apurrak dira. Internet ez da beti erabilgarri egoten eta familiei ez zaie gehiegi gustatzen euren gabeziak kontatzea. Euren komunikazioak bizirik daudela adierazteko baino ez dira izaten. Oso egoera txarra bizi dute, baina hori ez da hango biztanleen artean txarrena. Izan ere, batzuk atzerrian bizi gara eta dirua hara bidalita lagundu diezaiekegu. Azken finean, elikagaiak estraperloan erosita, kilo bat azukre 70 euroan adibidez, hobeto bizirik iraun daiteke, laguntza humanitarioko ilaretara joan eta tiro bat jaso barik. 

Eguen goizean albiste honegaz itzartu ginen: Israelek eta Hamasek bake akordioaren lehenengo fasea sinatu dute. Zelan baloratzen duzu?
Ez da bake akordio bat, su etenera gerturatzeko marko bat baino. Eta ez da Israelen eta Hamasen akordio bat, Ameriketako Estatu Batuena baino. Izan ere, momentu honetan, AEBak Israelen gainetik jokatzen dabiltza. Zergaitik? Trump egundoko higadura jasaten dabilelako bere herrialde barruan, eta albaitik arinen irabazi gura duelako bahituak askatzearen tantoa. Netanyahuk, ostera, ez du halakorik gura. Israelek nazioartearen presio handia du une honetan, eta tentsio giroa inguruko herrialde arabiarretara zabaltzen hasi da, Egiptora gehienbat. Gatazka Egiptoren eta Israelen artera zabaltzeko arriskua dago. Horrenbestez, era honetan ulertu behar da Trumpek iragarritako akordio hori: erresistentzia palestinarrak Trumpi keinu egitea erabaki du, hor Israel sakatzeko aukera ikusi duelako. 

Zer deritzozu Donald Trumpen hogei puntuko planari?
Erridikulua dela deritzot, lerdokeria dela. Plan hori hasiera-hasieratik egon da diseinatuta ez onartzeko, ezin delako onartu. Baldintza umiliagarriak jasotzeaz gainera, planak gobernatzaile britainiar bat ezartzea ere zehazten du. Erridikulu gorena da. Proposamen hori Palestinako erresistentzia bazterrean uzteko ahalegin bat baino ez da izan, baina erresistentzia palestinar osoak, Hamasek tartean, hori baino jokabide zuhurragoa izan du. Presoak trukatzeko proposamena egin du, nahiz eta hedabide askok zabaldu duten palestinarrok Trumpen plana onartu dugula. Mugimendu ugari gertatzen dabil, eta iruditzen zait Israel jasaten dabilen presioari zor zaiola hori. Izan ere, Israel gainbehera oso-osoan sartuta dago.

Abadiñoko berbaldian ere baieztapen hori egin zenuen. Zeintzuk arrazoi daude Israel kolapso egoeran dagoela baieztatzeko?
Arrazoietariko bat AEBetan dago, egundoko arrakala zabaltzen dabilelako hango inperialisten artean. Inperialisten zati bat ez dago AEBen hegemonia hipotekatzeko prest zer eta Israeli laguntzearren, baina beste zati bat bai, badago prest horretarako. Kontua da Israel mantentzeak geroago eta kostu ekonomiko handiagoa ekartzen badu horrek harentzako laguntzak gutxitzea ekarriko duela, eta, ondorioz, herrialdeak aukera gutxi izango duela bere kabuz aurrera egiteko. Beste arrazoietariko bat 2023ko urriaren 7an ikusi genuen. Israel Lehen Munduko herrialde modura ulertzea egun hartan bertan amaitu zen, herritarrek ez dutelako segurtasun sentsaziorik ordutik. Hori Libanok, erresistentzia palestinarrak zein Yemenek frogatu dute, erasoak eginda gai direlako kolonoak babeslekuetara bidaltzeko. Baina batez ere Iranek erakutsi du hori. Iranek Israelgo sistema militarra birrintzeko gai dela erakutsi du uda honetako hamabi eguneko gerran. Eta sistema defentsiboa guztiz birrindu ez badu, Israel potentzia nuklearra delako eta indarrez garaitu ezin delako da. Aukera asko dago Israel hiltzen ikusteko. Edozelan ere, tamalez, hau ezin da izan baikortasunerako mezua. 

Eta zelakoa da Israel barruko giroa? Arrakalak daude hango iritzi publikoan?
Israelgo biztanleria ardatz eta interes askotan zatituta dago. Batetik, kolonoen artean arraza bereizkeria dago, hau da, zenbat eta zuriagoa izan hobeto, eta zenbat eta beltzaranagoa izan, txartoago. Bestetik, erlijioari dagokionez, tentsioa dago laikoen, ortodoxoen eta ortodoxo izatetik haragokoen artean. Eta ekonomikoki ere egundoko bereizketa dago. Legez kanpoko kolonietan, Zisjordanian adibidez, kolonoak diru laguntzei eskerrak bizi dira, eta ez daukate Israel barruko guneetan duten bizi maila bera, Tel Aviven kasurako. Horrek inbidia, gatazkak eta higadura sortzen ditu kolonoen artean. Israel oso estatu garestia da eta Europar Batasunari eta AEBei eskerrak bizi da. Herrialdea Zainketa Intentsiboetako Unitatera konektatuta dago eta bere bizi-konstanteak kanpotik datorkion diru iturriari eskerrak mantentzen dira. Diru sarrera horiek etengo balira, inplosioa eragingo litzateke. Eta genozidioan gehiago eragin eta Israeli nazioarteko zigorrak helduko balitzaizkio, pertsiana jaitsi beste erremediorik ez luke izango. Europa eta AEB puntu horretara ailegatzeko beldur direla iruditzen zait eta hor ulertu behar da estatu bien aukera irtenbide modura aurkeztea. Aldi berean, hor ulertu behar da Mendebaldeak Israel zigortzeko darabilen epelkeria.    

Estatu bien aukera aipatu duzu. Zer deritzozu aukera horri?
Estatu bien irtenbidea inperialismoak sorturiko ipuina da, palestinar erresistentziari beldurra dion aldiro erabiltzen duena. Izan ere, hori 1910eko hamarkadatik hona gabiltza ikusten; soluzio hori altxamendu palestinarren bat egon den aldiro entzun dugu. Al Fatahgaz ikusi genuen, Palestinako Nazio Askapenerako Mugimenduekin ere bai, eta baita intifadekin ere. Azken urteetan armairuan gordeta egon den ideia da, urriaren 7ko erasoen ondoren berriro ere mahai gainean ipini dutena. Aukera hori sekula ere ez da gauzatuko, Israelek, adibidez, ez duelako onartuko. Iraganean bai, onartu zuen, baina Nazio Batuen zatikatze planak Palestina kolonizatzeko aukera eskaintzen ziolako, hain zuzen ere. 

Palestina inguratzen duten herrialde arabiarren jarrera epela den sentipenik baduzu?
Epel jokatu baino gehiago, inperialisten beharrezko kolaboratzaileak direla iruditzen zait. Pentsa, Gazako zerrendak Egiptogaz muga egiten du, eta Egiptok blokeo kriminala gauzatu izan du, laguntza humanitarioa sartzea ekidinda. Erregimen arabiarrak nahita daude hor ipinita Israel zaintzeko. Hau da, Israel da babestu beharreko altxorra, eta inguruko herrialde arabiarrak hura babesteko harresia. Horregaitik kontuan izan behar dugu Israelen ondoren Egipto dela AEBetatik diru laguntzarik gehien jasotzen duen herrialdea. Jordaniara jotzen badugu, hango erregea britainiartzat hartu dezakegu, bere aita britainiarrek ipini zuten agintean eta. Siriak kolaboratzailea ez zen sistema izan du orain urte batzuk arte, baina birrindu egin zuten. Eta Libanon ez diote herrialdeari garatzen uzten, horrek Israelen interesekin talka egingo lukeelako. Salbuespena Yemen da. Etenik barik lagundu dio Palestinari.       

Abadiñoko berbaldian honako hau ere baieztatu zenuen: "Israel Europaren kolonia bat da Palestinan". 
Halantxik da. Israel kolonia bat da, eta era horretan ulertu behar da. Biztanleen zati handi bat Israelgo pasaportea darabilten palestinarrak dira, eta, horiez gainera, herrialde barruan egiptoarrak, magrebtarrak, irakiarrak eta yemendarrak daude. 1948aren ondoren, denak alde egitera behartu zituzten eta geratu zirenei kolpetik kendu zizkieten hizkuntza eta kultura arabiarrak. Mendebalderatze prozesua oso azkarra izan da eta elite ekonomikoen artean zuriak dira jaun eta jabe. Israel europar modura agertze horren adierazle da, hain zuzen ere, herrialdea nazioarteko hainbat txapelketatan Europaren aterkipean egotea. Eurovisionen, adibidez. Era berean, Palestinako Mediterraneoko tokiko floragaz egiten dabiltzana aipatu daiteke. Tokiko basoak eta zuhaitzak kentzen dabiltza, Europa erdialdeko espezieak sartzeko.

Boikoterako deiak ere sarri entzuten dira. Eraginik badute?
Boikotak oso efikazak dira. Enpresek, multinazionalek, galera handiak jasan dituzte herrialde konprometituetan, Mendebaldetik kanpoko herrietan gehienbat. Eremu horretan eragin behar dugu, kontsumo boikotean, baina baita Israelek bere burua finantzatzeko edo publizitatzeko erabili ditzakeen eremuetan ere. Eta presio hori alderdi politikoetan, instituzio publikoetan, unibertsitateetan, kirolean zein auzo elkarteetan praktikatu behar dugu. 

Zein da Palestinaren irtenbidea?
Irtenbidea erbesteratutako errefuxiatu guztiak euren sorterrira bueltatzea da. Halantxik diote, gainera, Nazio Batuen erresoluzioek. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, Israel NBEan onartua izateko baldintza: errefuxiatu palestinarrei sorterrira bueltatzen uztea. Eta sorterrira bueltatzea diot, ez Gazara edo Zisjordaniara. Hau da, Tel Avivera barik, Jaffa jatorrizko hirira bueltatzea diot. Hori martxan ipintzen badugu eta hori gertatu bitartean erresistentzia palestinarrari laguntzen badiogu, Israelek bere ibilbidea amaitu beharko du. Izan ere, egoera horren ondoren hauteskunde demokratikoak egingo balira, 14 milioi herritar palestinar eta 6 milioi kolono egongo lirateke. Eszenatoki horretan, egitura kolonial eta jazartzaile guztiak amaituko lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!