Herritarrei begira, DMAk konpromisoa hartu du administrazioagaz euskaraz aritzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, langileek lehenengo berba euskaraz egingo dute, eta herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko da. Euskarazko arreta bermatuko da, eta komunikazioak euskaraz edo ele bietan egingo dira, betiere euskarari lehentasuna emanez. “Euskararen erabilera ez da bakarrik helburu instituzional bat; gure komunitatearen kohesiorako eta identitate kolektiborako tresna nagusia da. Plan estrategiko honegaz, herritarrek administrazioagaz euskaraz jarduteko eskubidea praktikan bermatuko dugu eta erakunde modura eredugarri izateko konpromisoa hartu gura dugu”, esan du Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak.
Planak ardatz nagusi bi ditu: kudeaketa eta erabilera. Helburu nagusiak honako hauek dira:
- Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzea.
- Euskararen erabilera normalizatzea eta areagotzea Mankomunitatearen jarduera guztietan.
- Mankomunitatearen jarduna eredugarri izatea euskararen normalizazioan.
Diagnostikoa eta erronkak
VI. Plangintzaldiaren ebaluazioan, DMAk 647,8 puntu zituen 1.000tik. VII. Plangintzaldiaren amaierarako, 733,42 puntu lortzea aurreikusten da, hau da, % 73,34ko garapen-maila. Horrek erakusten du hobekuntza nabarmena izango dela bai kudeaketan bai erabileran. Indarguneen artean daude:
- Langileen eta arduradun politikoen hizkuntza-gaitasun handia.
- Zerbitzu-hizkuntzaren erabilera-maila handia (% 86,6).
- Herritarrekiko hartu-emanetan euskararen presentzia (% 83,25).
- Irudi korporatiboan eta komunikazio instituzionalean euskararen erabilera sistematikoa.
Hala ere, hobetzeko arloak ere identifikatu dira planean, zerrenda honetan lehentasunak ezarrita:
- Kudeaketa orokorra indartu behar da, egitura berriak martxan ipinita.
- Hizkuntza irizpideak ere, metodologia eta irizpide berriak kontuan hartuta, eguneratu, adostu eta zabaldu beharra dago.
- Prestakuntza-eskaintza euskaraz izatea areagotu behar da.
- Kanpo-harremanetan, bereziki sektore pribatuagaz, euskararen erabilera bultzatu behar da.
- Teknologia eta baliabide informatikoen erabilera euskaraz izatea indartu behar da.
Neurri zehatzak eta egitura berriak
Planak jarraipen-egitura zehatza proposatzen du, besteak beste:
- Euskara Batzordea: ordezkari politikoak, departamentuetako arduradunak, zerbitzuetako enpresen ordezkariak eta euskara teknikaria.
- Herritarren Informazio Batzorde Iraunkorra: zeharkako kontraste lanak egiteko.
- Lantalde operatiboak: erabilera planeko gai zehatzak lantzeko.
- Gainera, hizkuntza irizpide berriak eguneratu eta onartu dira, eta, besteak beste, horien artean daude:
- Zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa euskararen erabilera lehenestea.
- Kontratu publikoetan, diru laguntzetan eta hitzarmenetan hizkuntza klausulak sistematikoki txertatzea.
- Komunikazio elebidunean euskarari lehentasuna ematea.
- Prestakuntza, baliabide informatikoak eta komunikazio tresnak euskaraz eskaintzea.