Gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketa bultzatzeko helburuarekin The Walk On Project fundazioak antolatzen duen WOP Challenge proba lehiatu dute asteburuan eta Durangaldeko lagunek osatutako Adarbakar taldeak irabazi du.
Proba Bilbon hasi zen zapatu arratsaldean. Adarbakar taldea osatu zuten 12 lagunek 16 ordu 40 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten Bizkaiari itzulia eman eta hasitako tokian helmugaratzeko. 19 etapatan banatuta, 226 kilometro egin zituzten erreleboka. Durangaldetik ere ibili ziren, Urkiolatik eta Oiztik, besteak beste. Hiru minutu pasatxoko aldea atera zioten Goizian Goiz Team bigarren sailkatuari.
Adarbakar taldeak hirugarren bider parte hartu du WOP Challengen. Aurreko aldi bietan laugarren eta bigarren geratu ziren eta aurten irabaztea lortu dute. Guztira 77 talde aritu dira.
Sailkapena LOTURA HONETAN ikusi daiteke.