Eskualdeko herri askotan mobilizazioak antolatu dituzte Palestinako sarraskia salatzeko. Esaterako, Zornotzan manifestazioa egin dute eta Zaldibarren elkarretaratzean batu dira.
Global Sumud Flotillako 473 tripulatzaileen atxiloketa salatu ostean, fokuak Gazan jarraitu dezala eskatu dute. "Begi guztiak Gazan jarrita izan behar ditugu. Izan ere, Israelek genozidioa egiten jarraitzen du mundu guztiaren aurrean", jasotzen du Zornotza Palestinarekin plataformako idatziak.
Horregatik, Palestinaren aldeko hainbat talde eta plataformatatik antolatzen ari
diren deialdietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Bihar, zapatua,
manifestazio nazionala egingo da Iruñean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak
deituta. Bestalde, hilaren 15erako lanuzte orokorrerako deia egin dute Euskal
Herriko sindikatuek. Azkenik, urriaren 25ean manifestazio nazionala egingo da
Bilbon, 'Gure haurrak ere badirelako' plataformak deituta.
Horrez gainera, Israeletik datozen produktuei eta Israelekin harreman komertzialak dauzkaten enpresa eta erakundeen produktu eta zerbitzuei "boikota" egiteko eskatu dute.
Azkenik Zornotzako Udalari eskaera bat egin diote: "Jarri Palestinako bandera udaletxeko balkoian genozidioak irauten duen bitartean".