Auzoa Lurrari Elkartuz edo ALE San Roke kontsumo taldeak auzotar gehiagorengana zabaldu gura du bere proiektua. Hau da, Aramotz, San Roke eta Herria tabernaren bueltako bizilagun gehiagorengana zabaldu gura dute astero-astero eskualdeko baserritarren elikagaiak jasotzeko ohitura. Izan ere, argi diote: "Zenbat eta herritar gehiago batu taldera, orduan eta hobeto, proiektua denontzat delako onuragarria; auzotarrontzat baserritarren elikagai osasuntsuekin elikatzen garelako, ingurumenarentzat tokiko elikagaiak darabiltzagulako, eta eskualdeko baserritarrentzat lan prezio duinak jasotzen dituztelako", azaldu du Mikel Gandariasek, kontsumo taldeko kideak.
Proiektuaren funtzionamendua sinplea da: baserritarrak zein auzotarrak Herria tabernaren ondoko lokalean batzen dira astelehenero, 17:30ean. Baserritarrek elikagaiak eramaten dituzte lokalera, eta herritarrek horiek hartzen dituzte etxerako. Gandariasek azaldu duenez, oinarrizko produktuekin osaturiko otzarak dira: "Berdurak Izurtzako Eskubaratz baserrikoak dira, jogurta eta gazta freskoa Elorrioko Belaze etxekoak, ogia Iurretako Patxikobaso baserrikoek dakarte, eta arrautzak Abadiñoko Erlia baserrikoek", zehaztu du. Eta horrek guzti horrek denboran iraun dezan, alde biek kontratua egiten dute sei hilerik behin. Horregaz guztiagaz, kontsumo taldeko kideek alternatiba bat eskaini gura dute gaur egun nagusi den eredu agroindustrialaren aurrean. "Geroago eta gutxiago direlako gu elikatzen dabiltzan baserritarrak", zehaztu du Gandariasek. "Ale txikia da gurea, baina baserritarrak babestu gura ditugu", azpimarratu du. Taldera batu gura dutenek ale.sanrokedurango@gmail.com helbidera idatzi dezakete, edo lokalera agertu daitezke astelehenetan. Bestalde, ALE San Roke prest agertu da Durangon sortu daitezkeen gainerako kontsumo taldeei laguntzeko.