Saharako umeek amaitu dute udako egonaldia

Anboto 2025ko ira. 4a, 08:45

Zaldibarren aterpe hartu duten umeak, herriko rokodromoan. HAMADAKO IZARRAK

40 neska-mutikok igaro dute uda gure artean. Orain, euren familiekin daude berriro, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan. Elkarteek egonaldiaren balantze positiboa egin dute. Aisialdia eskaintzeaz gainera, denei mediku probak egin dizkiete.

Shukran eta "laster arte" esanda agurtu dira. Uztailaren erdialdean, Saharako 40 neska-mutiko heldu ziren eskualdera, uda gure artean pasatzera. Horietatik 15 Zaldibarren egon dira, Hamadako Izarrak elkarteagaz. Garazi Etxebarria elkarteko kideak egonaldiaren balorazio "oso positiboa" egin du. Bisa arazoak zirela eta, umeak aste batzuetako atzerapenagaz ailegatu ziren, baina, "zorionez, Usansoloko ospitaleko kontrol saio guztiak" eginda joan dira. Umeak "penaz" joan direla esan du Etxebarriak, "kariñoa" hartu dutelako, baina "pozik" ere joan dira, "euren familietara bueltatzeko gogoa ere bazutelako". Elorrioko familietan babes hartu duten hiru neska-mutikoak ere primeran ibili direla esan du Lajwad elkarteko Maialen Bernasek: "Oporretan ibili dira harrera familiekin. Barrakez, igerilekuez, hondartzaz, gozatu dute". Bernasek ere agurraren "gazi-gozoa" aipatu du, ohi baino beranduago etorrita "uda laburtxoa" izan dutelako. Beste 25 ume Río de Orogaz egon dira eskualdean. Horietatik 12k Izurtzako aterpetxean pasatu dute uda. Mikel Del Arco arduradunak "oso pozik" daudela azaldu du, "inoizko ume kopururik handiena" aterpetu dutelako. "Ekintza ugari egin dugu, umeak primeran egokitu dira, eta, mediku hitzorduak arrapaladan aldatu behar izan ditugun arren, denek jaso dute osasun arreta", esan du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!