"Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena da"

Anboto 2025ko uzt. 24a, 13:54

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200dik gora alkate Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean batu dira goiz honetan, Bilbon, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Sententzia horrek baliogabe utzi ditu Euskadiko Udal Legearen atal batzuk, euskararen normalizazioa bultzatzea helburu dutenak. Bertaratutakoen artean egon dira eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi. 

Pasa den astean, Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, VOX alderdi politikoak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera.

Baliogabetutako dekretuak Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai honek euskal erakundeen erabakimena eta euskal gizartearen borondatea ere jartzen ditu auzitan.

Gaur, euskararen eta euskal erakundeen autogobernuaren aldeko erantzun bateratua eman dute 200dik gora alkatek eta udal hautetsik –alderdi eta sentsibilitate desberdinetakoak– eta euskalgintzako ordezkarik Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.

Sententzia euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena dela, eta azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duela eta autogobernua nabarmen kaltetzen duela salatu dute.

Idurre Eskisabel Larrañagak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, irakurri du adierazpen bateratua.

ADIERAZPENA

Gaur, euskalgintzako ordezkaritza zabala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate eta udal ordezkari ugarirekin bat eginda gatoz Espainiako Auzitegi Gorenaren azken sententziaren aurrean.

Hain zuzen, epaitegi honek, Vox alderdi ultra-eskuindarraren argudioak bere eginez, Udalen Legea garatzen duen dekretuaren hainbat atal baliogabetu dituelako. Sententziak herritarrek hautatutako udal gobernuei udalerri bakoitzerako hizkuntza politika askatasunez garatzeko eskumena ukatzen dielako egun indarrean dagoen araudia jarraituz.

Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da, azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duena eta gure autogobernua nabarmen kaltetzen duena. Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere. Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak.

Egoera larria da. Euskara hizkuntza gutxitua da, mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua. Euskalgintzatik, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua. Bestalde, euskal erakundeak eta eragile politikoak ahalegin berezia egiten ari dira azken hilabeteotan, euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan.

Hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak. Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak.

Guzti honen aurrean, batasunetik erantzun beharra dago. Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da. Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko.

Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu gaurkoan. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko.

Bilbon, 2025eko uztailaren 24an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!