Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Euskal Autonomia Erkidegoko udal legearen dekretutik baliaogabetutako artikulu gehienak, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna "urratzen" dela ebatzita. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) "larritzat" jo du epaia, euskara "bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu" dutelako "beste behin ere".
Sententziak "udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei" eragiten diela gogorarazi dute, eta horren aurrean, kalera irtetera deitu: UEMAk bere sareko 118 udalerriak deitu ditu zapatuan, 12:00etan, udaletxeen aurrealdean Euskararekin bat lelopean kontzentratzera: "Minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik", adierazi zuten UEMAko kideek egueneko prentsaurrekoan. Are, "prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko", esan dute.
Epai-sorta
Auzitegiek, izan Bizkaikoek, EAEkoek zein Espainiakoek, hizkuntza politikei lotutako epai ugari kaleratu dute azken urteotan. Honako hau ere, testuinguru horretan kokatu dute euskalgintzako eragileek, euskararen normalizazioari bidea trabatzea helburu dutela interpratuta.
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpena ulertzeko 2020ra egin behar da atzera, Vox alderdi ultraeskuindarrak helegitea ipini zion-eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalen legeari. Euskadiko Auzitegi Nagusiak 2023ko urrian eman zuen epaia, eta baliogabe utzi zituen lege hori garatzeko dekretuetako batzuk. Horien artean zegoen, adibidez, udalerriek euskaraz lan egiteko neurriak hartuko zituztela zioen irizpidea, euskararen eremuetan, bereziki. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du 2023an Euskadikoak esan zuena: dekretuetako batzuk atzera bota ditu hark ere, legeak gaztelaniaren eta euskararen arteko "koofizialtasuna urratzen" duela iritzita.