"Omenaldiarekin oso eskertuta nago"

Aritz Maldonado 2025ko uzt. 7a, 09:27

Bizitza osoa darama Juanito Gallastegik (1933, Durango) abadetzan, eta itzulpen lanak egiten; oraintsu ohorezko euskaltzain izendatu dute. Ekainean omenaldia jaso du durangarrak, Elorriora abade lanetan joan zenetik 50 urte igaro direlako.

Zelan joan zen Elorrioko omenaldia?
Oso ondo! Gogoratu ere ez nintzen egiten 50 urte igaro direla bertan abade izatera joan nintzenetik. Gustura hartu nuen gonbidapena. Bertan, ikus-entzunezko lan bat ere ikusi genuen, eta horrek ere ilusioa egin zidan; Athleticzale amorratua naiz, eta Jose Angel Iribarrek parte hartzea ilusioa egin zidan. Bestalde, Mikel Oiarzabal Realeko kapitainaren gurasoak nik ezkondu nituen, eta bere aitita eta amama lagunak nituen, eta horrek ere berba egiteak ilusioa egin zidan. Eskerrak eman gura dizkiet modu batera edo bestera parte hartu zutenei.

Iurretako Urrijenan ere aitortza jaso zenuen.
Bost urte eman nituen abade Iurretan. Aurten ohorezko euskaltzain ere izendatu naute; nork pentsatuko luke? Nik ikasketak kanpoan egin nituen, Comillasen (Cantabria, Espainia). Euskararekiko ardura hori bertan gehitu zitzaidan; bertan, elizbarruti guztietako jendea zegoen, baita hegoamerikarra ere.

Bizitza osoa daramazu itzulpengintzan. Nola eragiten dizute Adimen Artifiziala bezalako teknologia berriek?
Aurrerapen guztiak ondo ikusten ditut nik. Hain justu ere, lan baten erdian eman didate honen berri, eta proba bat egiterakoan, ikusi nuen nola bi astetako lana egun bitan egin daitekeen. Ostean, zuzendu eta errepasatu egin behar da, nola ez. Horrek erakusten du gu ez garela robotak, eta robotak ezingo direla iritsi gu garena izatera.

Garai berriei moldatzen jakitea da hainbeste urtez idazten jarraitzeko gakoa?
Hori izango da. Batueratik bizkaitarrera pasatzean, igartzen da bizkaieraz egiten duen batek idatzi duen edo ez; usaindu egin daiteke hori, eta mantendu egin daiteke. Liturgian, adibidez, hori alde batera utzi behar da, batasunaren alde. Bizkaieraz bai, baina batasunari eusten. Lino Akesolok, adibidez, zoragarri idazten zuen. 

Bestalde, Luis Gonzalez-Carvajalen testuak euskaratu ditut, eta oso gustura egin nuen lana da. Abade sartu zen ingeniaria da bera, eta oso atsegin idazten du, edozeinek ulertzeko moduan. Horregatik okurritu zitzaidan euskaratzea. XXI. mendeko kristauak eta Oraingo kulturaren argiak eta ilunak eta Apur bat sinesgabe diren kristauei azaldutako kredoa itzuli ditut. Hizkuntza askotara itzuli dituzte bere obrak, eta euskarara ere bai, horrela. Oso pozik dago bera ere. Horrelako beste liburu bat ere egina daukat, baina azken ukituak ematea falta zaio oraindik. Egin ditudan lanen artean, bakarraz esan dezaket kostata egin nuela, eta batez ere gaiagatik eta erdarazko gramatika korapilotsuagatik izan zen.

Itzulpengintzak izango du bere zailtasuna.
Beti esan dut itzulpengitza aldats gora zela, baina orain are gehiago iruditzen zait [barrez]. Duela hamarkadak egin nuen lehenengo itzulpena. Victor Manuel Arbeloa nafarra laguna dut, seminarioan elkarrekin egon ginen, nahiz eta gero bera politikan sartu zen; abadetza, nik dakidala, ez du utzi, baina politikan egon zen urteetan ez zen elizako kontuetan sartzen. Oso idazle ona zen, historialaria, baita artista bat ere. Oraindik idazten jarraitzen duela uste dut. Mañerukoa da bera, nafarra, euskaraz ez zekien, baina orduko Anaitasuna aldizkarirako idatzitako testu bat euskaratzea gura zuen, eta hala egin nuen nik.

Idazten jarraitzeko asmoa duzu, beraz. 
Bai, liturgia arloan, batez ere. Beharbada, gerora testu bakarra izango du, batuerazkoa, baina, gaurkoz bizkaierazko testua behar dela uste dugu. Batueratik ahalik eta hurbilen dagoen bizkaierazkoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!