Bizkaibira Durangaldera ailegatuko da bihar

Anboto 2025ko eka. 29a, 14:37

Bizkaibirako etapa bat. BIZKAIKO ELIZBARRUTIA

Bizkaiko elizbarrutia bere 75. urteurrena ospatzen dabil, eta herrialdeko "aberastasun naturalak, espiritualak eta kulturalak" ezagutzeko  helburuz hemeretzi etapako jardunaldi ibiltaria antolatu dute.

Jardunaldi ibiltari hori Durangaldera ailegatuko da bihar, erromesek Otxandio eta Durango lotuko dituzte-eta, oinez. 17:00etan ailegatuko dira Andra Mariko elizpera. Gero, 18:00etan, udalerriko Alde Zaharra ezagutzeko bisita gidatua izango dute, eta musika kontzertua, azkenik, Andra Mariko basilikan, 20:00etan. Hurrengo egunetan, Bizkaibirak eskualdeko herri gehiago zeharkatuko ditu. Martitzenean, uztailak 1, erromesek Durango eta Berriz lotuko dituzte. Eguaztenean, Berriztik irten eta Ziortza-Bolibarrera joango dira hemeretzi eguneko jardunaldi ibiltariagaz jarraitzeko.

Bizkaibirak hilaren 25ean irten zuen Bilbotik. Galdakao izan zuen lehenengo geraleku. Uztailaren 13an, herrialde osoa zeharkatu eta gero, hiriburura bueltatuko da. Azken etapan, Barakaldoko Errekatxo auzoa eta Bilbo lotuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!