Mankomunitateak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara

Anboto 2025ko eka. 20a, 12:51

Kopuru horretatik 250.000 euro ohiko etxebizitzaren alokairuagatiko larrialdiari erantzuteko balioko dute; 100.000 euro etxebizitza erosteko kredituetara, eta 170.000 lehen mailako beharretara. Jakinarazi dutenez, Mankomunitatea 466 eskera kudeatzen dabil momentu honetan. 150 ebazpen fasean daude. 

Mankomunitateak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak kudeatzeko irizpideak erabaki ditu asteaon. Aurten, 1.021.403 euro bideratuko dituzte zeregin horretara. Azaldu dutenez, hasiera batean, poltsa 932.214 eurokoa izatea zuten aurreikusita, baina 2024ko likidazioa eta gero, kopuru horri beste 89.188 euro gehitzea lortu dute. 

Milioi euroko poltsa hori partida hauetan banatuko dute:

  • Ohiko etxebizitzaren alokairua: 200.000 €
  • Etxebizitza erosteko kredituak: 100.000 €
  • Etxebizitza mantentzeko gastuak: 150.000 €
  • Etxeko oinarrizko ekipamendua: 120.000 €
  • Lehen mailako beharrak: 170.000 €
  • Aurretiko zorpetzea: 42.214,58 €
  • Energia: 150.000 

466 eskaera

Momentu honetan, Mankomunitatea herritarren 466 eskaera kudeatzen dabil; horietako 150 ebazpen fasean daude jada. Idoia Otaduy lehendakariak gogoratu duenez, laguntzok "funtsezko tresna" dira gizarte zerbitzuen barruan, "ustekabeko egoerek eragindako egoera pertsonal eta familiarrei erantzuteko aukera ematen baitute". Gaineratu duenez, “Mankomunitatearen helburua da Durangaldeko herritarren gizarteratzea eta ongizatea sustatzen jarraitzea, behar duten pertsona guztiekerakundean laguntza aurkituko dutela bermatuta”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!