Osasun sistema publikoaren aldeko plataformek "eredu berri bat" proposatu zuten "negozioa lehenesten duen eredu neoliberalaren aurrean", eta iragarri zutenez, eskaintza hori "eragile politiko, sindikal eta sozialei" helaraziko diete, baita "Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari eta herritarrei ere". Plataformek hainbat puntu jaso dituzte proposamenean. Batetik, eragileei eta ordezkari politikoei eskatuko diete "% 100 publikoa izango den osasungintzaren aldeko konpromiso sendoa, eta pribatizatutako zerbitzu guztiak lehengoratzea". Bestetik, "lankidetza publiko-pribatuko politikak eta ordu estrak" baztertzea eskatuko dute. Inbertsioei dagokienez, osasungintzara bideratutako diru kopurua "Europako batez bestekoarekin parekatzea" gura dute, eta "lehen mailako arretan" zein "prebentzioan eta osasunaren sustapenean" lehentasunez jokatzea. Eskarietako beste batzuk baliabide pertsonalei loturikoak dira. Behar besteko pertsonal kopurua, osasun mentalerako baliabide gehiago jartzea, genero ikuspegia aintzat hartzea eta herritarren kontrol demokratikoa ahalbidetzea dira eskarietako beste batzuk.
"Osasun publikoak okerrera egiten jarraitzen duen bitartean, eta egiturazko arazoak konpontzeko neurririk ez dagoen bitartean, beharrezkotzat jotzen dugu presio sozialarekin eta mobilizazioekin jarraitzea", esan zuten. Horretarako deia egin zieten sindikatuei, pentsiodunei, gizarte eta auzo erakundeeik, emakumeei, gazteei. "Utzi promesak eta propaganda. Benetako konponbidea, orain", esanda bukatu zuten kontzentrazioa.
Elorrioko kontzentrazioa.