Tokikom taldeko hedabideak eta ETB Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur ekitaldiei begira ipini dira Saretzen egitasmoaren ale berrian. Eskuragarri dauden datuen arabera, izan kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi ala bestelako egitasmo, hiru herrialdeek kultur programazio bizia dute urte osoan zehar. Musika da nagusi: kontzertuek programazio osoaren % 31,8 hartu zuten 2024an (6.342 ekitaldi); ondoren datoz antzerkia (% 21,3), ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8), berbaldiak ( 11,5), erakusketak (% 6,9) eta dantza emanaldiak (% 4,3). Gainerako eskaintza beste diziplina batzuek osatzen dute, hala nola azokek, tailerrek, lehiaketek eta ikastaroek. Hizkuntzari dagokionez, ekitaldien erdiak inguru euskaraz edo ele bitan egin ziren. Batez besteko hori, ostera, aldatu egiten da lurraldetik lurraldera eta eskualdetik eskualdera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu zuten % 50eko langa, eta Debagoienan eta Urola Kostan programazioaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zen. Araban, eskualde bakar bat ere ez zen proportzio horietara heldu; Aiaraldea hurbildu zen gehien (% 38,3 euskaraz, eta % 11,6 ele bitan). Bizkaian, zazpitik bostek gainditu zuten muga hori, eta Durangaldea izan zen euskaraz gehien programatu zuen eskualdea, Markina-Ondarroagaz batera (euskaraz eta ele bitan egindako ekitaldiak % 58,4 izan ziren gure eskualdean).
Ekitaldirik gehienak hiru hiriburuetan pilatzen dira: Bilbok, Donostiak eta Gasteizek programazioen % 48 hartu zituzten, eta urtean 3.000 ekitalditik gora antolatu zituzten, batez beste. Hiriburuak kenduta, EAEko 36 udalerrik baino ez zuten gainditu urtean 100 ekitaldi programatzeko langa. Tartean izan ziren eskualdeko herririk populatuenetariko bi: Durango (334 ekitaldi 2024an) eta Zornotza (113). Eskualdeari dagokionez, iaz 758 kultur ekitaldi antolatu ziren Durangaldeko 13 udalerrietan, egun bakoitzeko bi. Edozelan ere, kontuan hartu behar da datu estatistikook Kulturklik atariaren erregistrokoak direla, eta bertan ez direla herri eragileen, gaztetxeen eta zirkuitu ofizialetatik kanpoko antolatzaileen ekitaldi guztiak islatzen. Konplikatua da datuok estatistiketan kuantifikatzea, baina merezi dute aipamena eta aitortza, asko dira-eta era boluntarioan, dirua irabazteko asmorik barik, kultur eskaintza kritikoa antolatzen dutenak.
Beraz, EAEko kultura sarea bizia, finkatua eta askotarikoa bada ere, baditu argi-ilunak. Oinarri sendoa eta ekitaldi andana programatzen den arren, eskaintza lurralderik lurralde orekatzea eta herri txikiei ikusgarritasuna ematea dira erronka, baita jaialdien iraunkortasuna bermatzea eta eskualde guztietan euskararen presentzia indartzea ere.
Hau guztia kontua hartuta, galdera argia da: Zer egin daiteke kultura pertsona guztiengana heltzeko baldintza berdinetan? Baliabideen zentralizazioa indartu ala udalerri txikien protagonismoa bultzatzen duen deszentralizazioa lehenetsi? Eredua edozein dela ere, funtsezkoa da kultura eskubide bat dela ez ahaztea, eta, beraz, herritar guztientzat bermatuta egon behar du, non bizi diren kontuan hartu barik.
Lau ekitalditik hiru eremu itxietan egin ziren, bereziki Donostialdean, Arabako Lautadan eta Bilbo Handian; bertan, formatua % 76tik gorakoa izan da. Gainera, hamar ekitalditik zortzi egun bakarrekoak izan ziren.
Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak
Aparteko kapitulu bat merezi dute urtero-urtero egin ohi diren jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziren EAEn, eta horietatik erdiak musikalak izan ziren. Ondoren datoz zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta dantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziren –musika eta dantza elkartuta, esaterako–, eta 64 hainbat diziplinatara bideratuak, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak eta modari begirakoak, esaterako.
Eskaintza askotarikoa bada ere, kontzentrazio geografikoa ekitaldi guztiekin dagoen joera errepikatu egiten da: 21 udalerrik hartu zuten jaialdien % 70. Hiriburuak dira berriz buru: Bilbok 134 jaialdi antolatu zituen; Gasteizek, 86; eta Donostiak, 71. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aipagarrienak dira Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live, 100.000 lagunetik gora izan zituzten, nahiz eta ez den neurtzeko sistema ofizial bateraturik existitzen.
Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egin ziren (ekitaldi guztien % 16,5 soilik izaten da aire zabalean). Dantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) dira kanpoko espazioetan nagusi. Gainera, jaialdien % 68k egun bat baino gehiago irauten zuten.
Antzinatasunari dagokionez, dantza-jaialdien erdiek 25 edizio baino gehiago dituzte. Musika-jaialdiak, berriz, gazteagoak dira: % 18,4k baino ez dituzte 25 urte baino gehiago. Denen artean, Donostiako Musika Hamabostaldia da beteranoena, 85 edizio bete baitzituen iaz, Zinemaldiaren aurretik (72 edizio).
Ekipamenduen banaketa: gorabeheratsua
Kultur ekitaldi horiek guztiek azpiegitura fisiko bat behar dute. EAEko udalerriek 3.757 kultur ekipamendu dituzte: 1.189 publikoak dira (liburutegiak, kultur etxeak, museoak, aretoak...) eta 2.568 kultur industriari lotutakoak (produkzio-etxeak, argitaletxeak, konpainiak, dendak, akademiak...).
Banaketa asimetrikoa da: Bizkaiak ekipamendu horien guztien % 49,1 du; Gipuzkoak, % 36,2; eta Arabak, % 14,7. Ez da kasualitatea, hartara, azpiegitura gehien dituzten eremuak ere programazio handiena dutenak izatea.