"Garaiz eta tokiz kanpo sentitzen gara talde legez"

Aritz Maldonado 2025ko eka. 20a, 11:56

Argazkia: Gorka Landia

Nevadah boskotea bueltan da. Gaur, ekainak 20, Outta time laugarren diskoa kaleratu dute. Lau lan egiteaz gainera, dozenaka zuzeneko eman dituzte hamar urteotan. Hain zuzen ere, datozen asteetan lan berri hau ere zuzenean aurkeztuko dute Durangaldean. Besteak beste, Mendiolako (uztailak 11) eta Mañariko (abuztuak 13) jaietan joko dituzte kontzertuak.

'Outta time' ipini diozue izena diskoari. Garaiz kanpo sentitzen zarete?
Ekhi Arrieta: Garaiz kanpo eta lekuz kanpo. Neurri batean, ez dakigu zelan harremandu gaur egungo musikagaz eta garaiagaz. Zehatz-mehatz non gauden ere ez dakigu, baina bertan gaudela esan gura dugu. Gure soinua garatzen jarraitzen dugu, eta gauza berriak probatzen ditugu, baina, esentzian, Nevadah da. 
Pello Baños: Gure audientzia berrogei urte ingurukoa da gehien bat; 18tik 30 urtera arteko jende gutxi ikusten da gure kontzertuetan; egongo dira, baina lehengo musikan mantentzen garen egoskor horiek sentitzen gara. Hori esanda, errespetu osoa diegu musikari eta doinu berriei, baina lekuz kanpo sentitzen gara.
Jon Agirrebeitia: Tokiz kanpo gaur egungo "mugimendutik" ere, desberdinak edo. Badago rockaren berpizte bat, baina bide paralelo batean legez ikusten dugu geure burua. Ez gaude punk-rock mugimendu horretan, taldeak-eta gustuko ditugun arren. Bergarako Ekinez jaialdian, adibidez, gure ordua nahiko goiz izan zen, horrek ez zuen lagundu zale asko joan zitezen, baina han batu zirenak musikazaleak ziren, beste talde batzuetan aritzen direnak, eta hori ikustea ere pozgarria da, musikariek eurek baloratzea egiten duguna.  

'Still goes on' deitzen zen aurreko diskoa; hori ere aldarrikapen bat zen, bizirik jarraitzen zenutela.
P. B.: Horrela esanda, egia da diskoen izenburuekin intentzionalitate bat izan dugula, garai bakoitzari lotuta. Still goes on pandemiaren ondoren etorri zen, geldirik egon ginen garairik luzeenean; isilik egon ginen, baina lokalean lanean, abesti berriak idazten. 
J. A.: Izenbururako bi-hiru aukera genituen esku artean, eta hau iruditu zitzagun egokiena. Beharbada, adinean gora goazelako eta gazteagoek beste musika bat entzuten dutelako, lehenago esan dugun moduan. 

Ekhi, aurrekoan ez bezala, hasieratik parte hartu duzu disko honen sorreran. 
E. A.: Aurrekoan, nahikoa lan izan nuen taldera egokitzen, nire ahotsa topatzen, ahotsa taldera egokitzen... Orain, prozesua bera errazagoa izan dela sentitu dut. Gainera, Still goes on diskoagaz, lupa gehiago igarri nuen niri begira. Bestalde, taldeagaz lehenengo diskoa zen, aurkezpen kontzertuko sarrera guztiak saldu ziren Plateruenean...
J. A.: Orokorrean, hau naturalagoa izan da. Disko honegaz ez dugu aurkezpen kontzertua bere horretan egingo. Maiatzaren 1ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jo genuen eta disko berriko abestiak ere jo genituen. Hiru kontzertu jo ditugu ordutik. 
P. B.: Ekhiren abesteko moduan dena oso erraz joan dela igarri dugu, grabatzerakoan batez ere. Aurreko diskotik hona sekulako aldea dago, bai tonuetan, baita ingelesaren ahoskeran ere, adibidez.
E. A.: Landuago joan naiz, irakurrita, eta kantu klaseetan ere ibili naiz. Hori igartzen dut ahotsaren kontrolean, adibidez. 

Iruñeko Sound of Sirens estudioetara jo duzue disko hau grabatzera, Julen Urzaizegaz. 
J. A.: Azkeneko diskotik soinua apur bat aldatzea gura genuen, eta estudio biren artean zalantza genuen; kasualitatez, Zestoan, Gaztain estudioetan ezin dugu denok batera grabatu, espazio kontuagaitik. Erreferentzia onak genituen eta disko onak grabatu dituzte bertan. Ez gure estiloan, beharbada, baina gogoa genuen hara joateko. 
P. B.: Gu sartu ginenean, oso pozik ikusi nuen, oso ondo hartu gintuen eta erronka legez hartu du grabazio hau. Bere konfort-zonatik irteteko gogoz ikusi genuen, eta gurera moldatzeko prest. Berarentzat ere esperientzia ona izan dela esan zigun. Gainera, zuzenean grabatu duen lehenengo taldea izan gara eta asko entseatuta joan ginela azpimarratu zigun. 
E. A.: Julen bera oso pertsona lasaia da, eta hori transmititzen du estudioan. Proposamenak ere egin ditu, eta proiektuan sartu da; horixe bilatzen genuen. Grabazioak iraun duen bost egunak han pasatzeak ere lagundu du diskoan zentratzeko. Bostok etxe batean hainbat egunez batzeak ere lagundu du. 

Musikalki, nora jo gura izan duzue?
P. B.: Ez dugu planteatu diskoa kontzeptu bakarraren barruan. Kantak sortzen joan gara, eta baten bat kanpoan geratu da. Zazpiak batera ondo geratzen dira, baina ez ditugu kontzeptu berdinaren aterpean sartu. Mare, adibidez, desberdinena izan daiteke; badaude beste pare bat hard rockera jotzen dutenak, besteren bat The Hellacoptersen rockera gehiago hurbiltzen dena... eta ondo geratzen dira elkarregaz. 
E. A.: Nire ustez, horrek egiten du erakargarri Nevadah: bide orri bat izan ez arren, hautaketa-eta oso natural egiten dugu. Soinuan ere nahiko fidelak gara, kantatik kantara mantentzen da, eta hori lagungarria da.
J. A.: Lanean jarraikortasuna izatea ere izan da lagungarria horretan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!