Ikuskizun handien sukarra izurritik hona handitu dela dio Urzelaik, eta joera horren atzean elementu bat baino gehiago dagoela azaldu du: "Sare sozialen eragina dago batetik. Dena da oso azkarra, dena da handia, eta dena iraungitzen da azkar. Jende asko dago ekitaldi horretara begira momentu berean, han egon nahi du. Bestetik, kultura kontsumorako zerbait bilakatzen dabil, ikuskizun huts bat, nolabait esateko, eta botere metaketa bat ere badago: zirkuitu handien barruan ez bazaude, tokirik ez duzula dirudi. Horrenbestez, badirudi derrigorrez sartu behar duzula gurpil horretan". Egoera horren eraginez, besteak beste, "kontsumo bulimikoa" hedatu dela dio soziologoak: "[Kulturaren] kontsumo maila altua dugu, baina sozialki edo psikologikoki ezintasun bat dugula dirudi. Izan ere, nahikoa agerikoa da kontsumo horrek ez gaituela asetzen. Eta beharbada, ez dakit nongo talde erraldoi ikusi baino, gehiago ase gaitzake ondoko herriko musika talderen bat ikusteak, kalitatea sobran dago eta".
Herrigintza eta euskara
Urzelairen esanetan, administrazioak geroago eta gehiago dabiltza kultura "termino industrialetan" ulertzen, eta horrek "kulturaren ikuspegia galtzen dabilela adierazten du". Horren eraginak herri mugimenduetako eragileengan ere islatzen direla dio: "Aurrekoan, irakurketa klubeko kide batek komentatzen zidan festa herrikoi gutxiago eta horiek antolatzeko jende gutxiago dagoela. Gero, baina, pabilioiak betetzen ditugu euskal festen erreferentziekin". Zer esan gura du horrek, euskarazko kontzertu masiboak euskarazko erreferenteak sortzeko baliagarri izan daitezkeela? Urzelaik ez du horren argi: "Eztabaida dago. Baten batek esan dezake izar handiak behar ditugula, pabilioiak beteko dizkigutenak. Badago egia bat hor, baina iruditzen zait lehia horretan galtzaile izan gaitezkeela. Adibidez, Taylor Swiften kontra ez dugu parekorik lortuko. Beharbada beste termino batzuetan sortu behar ditugu gure erreferenteak". Urzelairi egindako elkarrizeta osoa gitb.eus eta anboto.org atarietan dago.